Elurtea :: Leioak normaltasuna berreskuratu du egunean zehar

Leioak normaltasuna berreskuratu du azken orduetan jasandako elurtearen ondoren. Ez dira gertakari larriak izan, baina goizeko 11:00ak arte ia ezinezkoa izan da kaleetatik normaltasunez ibiltzea, kale-garbiketaren kontratua duen enpresaren langileek garbiketa lanetan ibili diren arren.

Udalak ezagutzera emandako datuen arabera, “guztira, garbiketa zerbitzuko 24 langile izan dira Leioako kaleak oinezkoentzat garbitzen, egunaren lehen orduetatik”. Gainera, “lorazaintzako 10 langile Metro geltokira doazen errepide nagusienak garbitzen ahalegindu dira. Eta 8 Udaltzain eta komunikazio koordinatzaile bi kaleetan egon dira jasotako deiak erantzunez eta gertakarietan laguntzen”, azaldu du Udalak.

Elurteak sortutako arazoak medio “kotxea ez hartzea gomendatu da, Metroa izanik normaltasunez ibili den garraiobide bakarra. Hori dela eta, bidaiarien kopurua oso altua izan da goiz osoan zehar”.

Udalak adierazi duenez, “11:00ak aldera normaltasuna berreskuratzen hasi dira kaleak eta bideak, bigarren mailako errepideak izan ezik”. Hala ere, kontuz ibiltzeko aholkua eman du udalak”, garbiketa lanak bukatu arte behinik behin.

Bestalde, UPV/EHUk ere aktibitatea geldiarazita eduki du eguraldi latzagatik 15:00etara arte.

Elurteak herrian utzitako irudien bilduma txikia ondoko bideoan ikus daiteke:

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude