“Eragindako mina aitortzeko” exijitu dio ezker abertzaleak Marlaska ministroari

Torturaren Biktimen Nazioarteko egunean Ezker Abertzaleak Fernando Grande-Marlaska barne ministroari exijitu dio “eragindako minaren aitortza egin dezan”, uste baitu “bere jardunak tortura ahalbidetu zuela, bai ETAk ekintza armatuak egiten zituen sasoian baita ondoren ere”. Bilboko Justizia Epaitegiaren aurrean torturatuak izan diren pertsonen ordezkaritza batekin batera agerpena egin zuen Amaia Izko abokatuaren aburuz, “komisaldegietan torturak jasan dituzten milaka herritarrek, horien guztien minak ere aitortza behar du bakean eta bizikidetzan oinarritutako herri batean bizi ahal izateko”. Prentsaurrean agertutako torturatuen artean zegoen Ezker Abertzale leioaztarraren kide Erika Bilbao.

Izkok agerian jarri zuen torturak jasandako herritarrek berriro sentitutako beldurra, izua eta oinazea “Fernando Grande-Marlaska epailea barne-ministro izendatu zutela jakitean (…). Ez da gutxiagorako: Auzitegi Nazionaleko instrukzio-epaile zenean, bere bulegotik ehunka euskal herritar igaro ziren, egun batzuk poliziaren esku inkomunikaturik eman ondoren, eta torturak salatu zituzten. Marlaskak atxiloketetan ez zuen inolako neurririk ezarri tortura sahiesteko, gehienetan espresuki eskatu bazitzaion ere. Atxilotuak bere aurretik modu nabarmenean suntsituta pasatu arren, dozenaka pertsonak bere aurrean torturak salatu arren, Marlaskak beti ezikusiarena egiten zuen, mespretxuz erantzuten ez zuenean”.

Torturatutako pertsonen bozeramaileak salatu zuen “bere ardurapean atxilotutakoen tortura-salaketa gehien pilatu dituen epaileetako bat dugula Marlaska. 223 euskal herritarrek era guztietako tratu txarrak eta torturak salatu zituzten haien atxiloaldietan”, zeinak, esan zuenez, “Istanbulgo protokoloak egiaztatu du tortuta-salaketa horiek benetakoak zirela”. Era berean, gogoratu zuen “2004az geroztik, Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak bederatzi aldiz kondenatu du Espainiako Erresuma, tortura salaketak behar den moduan ez ikertzeagatik; horietatik, sei lagnen kasuan Marlaska bera zen instrukzio epaile”. Abokatuak azpimarratu zuenez “lazgarriak dira Marlaskaren atxiloaldien torturatuen lekukotzak. Horien artean, Tortura Prebenitzeko Europako Batzordeak sinesgarritasun osoa eskaini zion komisaldegian bortxatu zuten Beatriz Etxeberriaren kasua edota Estrasburgoko giza eskubideen auzitegiak Espainiako erresuma zigortu zuen Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren kasuak”. Horregatik, ” epaile hau barne-ministro izendatzeak tortura jasan duten guztiak iraindu ez ezik, sentitzen duten mina ere areagotzen du”.

Grande-Marlaska Gobernu espainiarraren barne-ministro izendatzearen larritasunaren aurrean, ezker abertzaleak eta torturatutako pertsonek, eragindako minaren aitortzaz gain, tortura bidez lortutako inkulpazioak eta autoinkulpazioak aintzat hartzea eskatu zuten, “jendea zigortzeko froga bakarra” izan baita, eta horien guztien egoeraren inguruan “hausnarketa sakona egin beharra” aldarrikatu zuten. Era berean, azpimarratu zuten “ireki berri zaigun agertoki berri honetan, justizia trantsizionala aplikatzeko aukera paregabea dutela Marlaskak berak eta Sanchezen Gobernuak”. Horretarako “Ezker Abertzalea prest dago ekarpena egiteko gainerako eragile guztiekin batera, justizian, bizikidetzan eta bakean oinarritutako gizarte justu bat eraikitzeko”.


Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude