Esnatu Leioa eta EH Bildu Leioako Udalaren oposizio-taldeek araudi orgnaikoa eta herri partaidetza berrikusi eta aldatzeko mozioa aurkeztu dute osoko bilkuran eztabaidatu eta onartua izan dadin.
Bi oposizio-taldeek elkarrekin aurkeztu dute proposamena. Bertan duela ez asko onartu zen Euskadiko Udal Legea jartzen dute bere ekimenaren oinarri, “lege honek jasotzen dituen elementuak gure Udal araudi organikoan jasotzeko garaia iritsi dela” iritzita.
EH Bilduren Aritz Tellitu eta Esnatu Leioaren José Ignacio Vicente zinegotziek udal araudi organikoa erreformatzeko batzorde berezia sortzea proposatzen dute, “Euskadiko udal legea kontuan izango duena”. Haien asmoa aipatu Batzorde bereziak araudi berria proposatzea da, Barne araubidearen Batzordean eztabaidatu, bozkatu eta onartua izan dadin. Era berean, Batzorde bereziaren lanketaren emaitza izango den proposamen berria Osoko bilkurara eramatea eskatzen dute, bertan berretsia izateko asmoz.
Araudi organikoak udalaren funtzionamendua zehazten du, barne batzorde ezberdinen funtzionamendua eta eskumenak, eta elkarte eta herritarren eskubideak arautzen ditu. Herri galdeketak bultzatzeko baldintzak ere zehazten ditu.