Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria onartu du udalak

Iragan ostegunean egindako Udalaren Osoko Bilkuran Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria onartu zen, bertan izandako zinegotzi guztien oniritziarekin. Plan berria 2022 urtera arte luzatuko da.

Planean helburu estrategiko gisa, euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura planteatzen dira, eta helburuak lortzeko zehar lerro gisa euskararen aldeko motibazioa eta euskararen zabalkundea sustatzea.

Euskararen jabekuntzari dagokionez, familia bidezko transmisioa, euskalduntze eta alfabetatzea eta administrazioa dira planteatzen diren esparruak.  Euskararen erabilerari dagokionez, aisia eta kirola agertzen da esparru bakar gisa. Azkenik, euskararen elikadurari dagokionean, liburugintza, publizitatea, corpus-plangintza eta euskararen kalitatea, hedabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak dira eragiteko esparrutzat hartzen direnak.

Sustapen Plan honetako helburuak lortzeko zehar-lerroak euskararen aldeko motibazioa eta zabalkundea dira planteatzen direnak. Motibazioari dagokionean, euskara balio positiboekin eta modernitatearekin lotzeko ekimenak garatzea, familia transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisia eta kirola, liburugintza, hedabideak eta publizitatea dira planteatzen diren eragiteko arloak.

Zabalkundeari begira, barruko proiekzioari dagokionean euskararen irudi positiboa indartzea eta hizkuntza paisaia euskalduntzea gune euskaldunenetan, hiriburuetan eta baita gune jendetsuetan ere agertzen da; kanpo proiekzioari dagokionean, kanpoko proeikzio handia duten ekimenetan, kongresuetan edota ekitaldietan euskararen presentzia bermatzea azaltzen da.

PP zenbait aspektu kezkagarri kritikatu ditu, baina aldeko botoa eman du

Xabier Olabarrieta, PPren bozeramalea

PPren eledun Xabier Olabarrietak azaldu zuenez, Ekintza Plan berrian agertzen diren ekintzak orokorrean positiboki balortzen dituzte. Horregatik, aldeko botoa emango zutela adierazi bazuen ere, Planaren hainbat puntu «kezkagarri» kritikatu zituen. Nagusiki, euskara lan hizkuntza izatea «neurriren batean», progresiboki handitzeko asmoarekin, «hizkuntza kudeatzeko planean zehaztuko da» dio Planak. Asmoa hauek eragingo dieten langileen aukera-askatasuna ez izatea euskara lan hizkuntza gisa jardutea kritikatu zuen Alderdi Popularrak eta «horren kategorikoa den baieztapena aurrera ez eramateko» lan egingo dutela esan zuen Olabarrietak. Era berean, irakaskuntza alorreko gazteei eta beren senideei begirako kanpainak edota arlo sozioekonomikoan errotulazio finkoa eta noizbehinkakoa euskaraz ere jartzeko kanpainak martxan jartzea deitoratu zuen eskumako alderdiaren bozeramaleak. Eta planari jarraipen estua egingo diotela «gaztelaniarekiko ezelako gehiegikeriarik egingo ez dela bermatzeko» ziurtatu zuen.

Hala ere, Olabarrietak Plana ez inpositibotzat jo zuen, bere tonu positiboa azpimarratuz. Edonola ere, mota honetako planek «azken 40 urteetan beharrezkoak izan badira ere, gaur egun, gure gizartean hizkuntza kontuei ikuspegi zabalago batetik ekitea beharrezkoa izan daitekeela» adierazi zuen PPren eledunak, ingeleraren presentzia gero eta handiagoa gogora ekarriz. «Euskaratik harago begiratuko duten ekintza planeruntz joan beharko dugu», seinaletikaren alorreko «gehiegikeriak» aipatzen zituen bitartean edo jaietan ematen den egoera musikarekin «barregarritzat» joz, musikaren %50a euskaraz izan beharragatik, «ezin baitute ingelerazko musikarik jarri». Horrexegatik, hurrengo planak «orokorragoak izatearen aldeko apustua» egin zuen eskuin espainiarraren eledunak.

EH Bilduk uztailean aurkeztuko ditu bere ekarpenak

EH Bilduren eledun Aritz Tellituk bere taldearen txarto ulertzeagatik zuzenketarik aurkeztu ez izanagatik barkamena publikoki eskatu zuen, eta uztailean zehar egin eta aurkeztuko dituztela adierazi zuen, Iban Rodríguez alkateordeak horretarako aukera eman ostean.

Aritz Tellitu, EH Bilduren bozeramalea

Tellituk euskarak Leioan duen egoera desitxuratzea leporatu zion PPren eledunari eta Osoko Bilkuran onartutako sustapen Plan bezalakoak direla eta izaten jarraituko dutela esan zuen, «euskararen egoera ez baita beharko lukeena», eta PPren hipokresia salatu zuen adieraziz bere ustezko «euskararen aldeko jarrera» praktikan «euskararen kaltean doazen neurriak bultzatzen» bilakatzen direla. Euskararen defentsaren beharrezkotasuna azpimarratu zuen, «euskara erasotua izan baita eta da egun ere», eta «demokratek euskararen defentsa defendatu beharko genukeela» aldarrikatu zuen. Hala ere, «euskararen defentsa egiten dugunok ez dugu inolako arazorik beste hizkuntzen ezagupena bultzatzeko, izan ingelera, frantsesa edo zuek beti ahazten duzuen etorkinen arabiera, kasurako» erantzun zion Tellituk eskuin espainiarraren eledunari. EH Bilduren bozeramaleak esan zuenez, «argi dagoena da euskara eta gaztelainaren egoera eze dela berdina. Euskaldunok ezin dugu leku guztietan erabili».

Gobernu taldearen izenean Iban Rodríguez alkateordeak hitz egin zuen. Esan zuenez, «euskara mantentzea egun ere badago arriskuan, ez zen soilik frankismoan arriskuan egon». Gaineratu zuenez, «zoritxarrez ezin dugu euskaraz bizi, erderaz bizi daitekeen bezala. Oraindik hainbat pausu emateke daude, eta jarraitu beharra dago lanean». Rodríguezek «ditugun bi hizkuntza ofizialak bermatu behar dira, eta bi horietatik batek oraindik ez ditu bermatuta».

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude