Europako politika “xenofoboak” salatu dituzte Palermon

CC:  hiruka.eus
Italiako eta Europako politika migratzaileak eta “xenofoboak” salatu zituzten atzo Palermon bi mila lagunetik gorak nazioarteko manifestazio batean. Protestaldiaren ondoren, Mugak Zabalduz Karabanako kideek migratzaileen hainbat kolektibogaz afaldu zuten Santa Chiara komentuan, baita esperientziak konpartitu ere.

Espainiar Estatutik Italiara abiatutako 300 lagunak Siziliara heldu ziren atzo, astelehenean. Palermon lehorreratu bezain laster, euren zain zegoen manifestaziora batzeko kalejira abiatu zuten portutik. Bateragunean Sizilia osotik etorritako beste bi mila lagun inguru zeuden, eta txalo artean jaso zituzten iberiar penintsulatik etorritakoak. Protestaldian, Italiako eta Europar Batasuneko politika migratzaileak eta xenofoboak salatu eta Sizilia osoan ematen ari den militarizazioa deitoratu zuten. Era berean, pertsona migratzaileak atxikitzeko zentroak arrazismo instituzionalaren instrumentua direla salatu zuten, besteak beste.

Arrastiko 19:00etan pasatxo hasi zen manifestazioa, Mugak Zabalduz Karabana Freedom flotilla eta Palermoko eta Siziliako babes taldeakaz batu ondoren. Siziliako hiriburua ordu bi eta erdiz zeharkatu zuten, kalerik kale, Europako politika migratzaile “xenofoboak” salatzeko eta pertsona migratzaileei euren babes osoa adierazteko. Manifestazio koloretsua izan zen; mezuak askotarikoak izan ziren, eta kulturartekotasuna ere nagusi izan zen ibilbide osoan zehar. Afrikako hainbat migratzailek zabaldu zuten protestaldia, eta danborren doinuei jarraituz, inguruan zeuden den-denak dantzan jarri zituzten.

Manifestazioaren akabuan, Palermoko babes taldeek protestaldira hurbildutako denei eskerrak eman eta Palermo hiri antifaxista eta antiarrazista dela aldarrikatu zuten; ondoren, Mugak Zabalduz Karabanako bozeramaileek euren manifestua irakurri zuten, italieraz. Azkenik, Leoluca Orlando Palermoko alkateak hartu zuen hitza. Horrek ere arrazakeriaren eta faxismoaren garaiak atzean uztea lortu dutela nabarmendu zuen eta azpimarratu zuen Palermon ez dagoela migratzailerik, baizik eta Palermoko herritarrak direla: “Palermon zenbat pertsona migratzaile dauden galdetzen didatenean beti esaten dut berdina: hemen ez dago migratzailerik, hona heltzen den oro palermitarra da”.

Arte migratzailea, Santa Chiara komentuan

Manifestazioaren ondoren, Karabanako 300 lagunak Santa Chiara komentura hurbildu ziren afaltzera. Bertan zain zituzten migratzaileen hainbat elkarte, etorritakoek tripak asetzeko hainbat plater prestatu ondoren. Afaldu ostean, komentuaren patioan bildu ziren denak, bertan egin ohi den jarduera baten berri eman eta horretan parte hartzeko: arte migratzailea. “Ez dugu profesionalik gura, bakarrik gogoak izatea”, azaldu zuen Afrikatik etorritako migratzaileetako batek, jardueraren nondik norakoak azaltzen zuen bitartean. Hala, hainbat lagun animatu eta askotariko kultur eskaintzaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek, hala nola kantak, batukadak, dantzak eta olerki emanaldiak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude