Euskaraldian parte hartzeari buruzko bilera deitu du Leioako Udalak

Aurten prestatzen ari den Euskaraldian parte hartzeko asmoa adierazi du herriko Udalak. Eta hori dela eta, leioaztarren edota Leioan bizi, ikasi edo lan egiten dutenen laguntza eskatu du. Ekimen honi buruzko informazio guztia luzatzeko batzarra egingo da Kultur Leioan, martxoaren 15ean, ostegunez, arratsaldeko 19:00etan hasita. 

Herriko alkate Mari Carmen Urbietak bidalitako gutunean adierazten duenez, “duela ez asko Egun On Egun Osoz ekimena” burutu zen Leioan. Dioenez, “azken urteotan euskaraz bizitzeko horrelako ekimenak egin dira zenbait herritan, esate baterako, Bilbon, Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Aiaraldean, Lasarten, Deustun… Aurten Euskal Herri osora zabalduko da, Euskaraldia, 11 egun euskaraz ekimenaren bidez.

Zer da Euskaraldia?

“Euskaraz jakin edo ulertzen dugun herritarrok aktibatuta, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa da eta eguneroko bizitzan gaztelaniara jotzeko dauzkagun inertziak apurtzea du helburu”, dio alkateak bidalitako gutunean. “Saiakera pertsonala eta kolektiboa da, herritarrok eta erakundeak elkarrekin egingo dugu”, jarraitzen du Urbietak .

Ariketa hau 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko da Euskal Herri osoan, “eta Leioan ere abian jarri nahi dugu. Baina horraino heltzeko hainbat kontu egin behar dira giroa berotzeko eta erronka honetan ahalik eta herritar gehienen inplikazioa lortzeko. Horretarako behar-beharrezkoa dugu Leioan bizi, ikasi edo lan egiten dugun euskaltzale guztion aktibazioa”, herriko agintariaren arabera.

Urbietaren aburuz, “orain lehen urratsa eman nahi dugu eta horretarako bilera batera” deitu dituzte herritarrak Kultur Leioan. Bertan azalduko da Euskaraldia zertan den “eta Leioan aurrera eramateko eman beharreko pausuak zehaztuko ditugu”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude