Txanda librean :: Ez da sinesgarria

Jon Aranbarri

Ez da sinesgarria PPk  Udal osoko Bilkurak egiten diren udaletxearen aretoan “aniztasuna” aldarrikatzen duenean. Felipe VI.aren argazkia “dagokion lekuan, aretoaren leku gorenean” eta Espainiako bandera ikurriñaren ondoan jartzea  ez da aniztasuna bermatzea. Horrek ez baitu aniztasuna islatzen, euskal herritarrok hautatu ez dugun sistema politiko bat baizik. Eta hori da ikur horiekin PPren zinegotziek nahi dutena: euskal herritar gehienok gogoko ez dugun sistema politikoa eta bera ordezkatzen dituzten ikurrak inposatzea.

Ausartuko ote dira epaitegian salatzen? Ez litzateke lehen aldia izango. Hor dabil temati Eugenio Gutiérrez Salazar, Grupos Armados de Liberación (GAL) talde paramilitarrak erahildako leioaztar errefuxiatuaren kasuarekin. Ikea Plazan duen oroigarria kendu nahi du, Eugenioren memoria ezabatzeko, Espainiako Gobernu ezberdinek herri honetako hainbat  eta hainbat herritarri egin zietena ahanztarazteko asmoz.  PPri Eusko Jauralaritzak Eugenio Gutiérrez terrorismoaren biktimatzat hartua izatea bost axola. Ezin du halakorik onartu. Estatuak eta berarentzat lan egindakoek eragindako kalteak ez baitira terrorismo. Beste zerbait baizik. Estatuari egindako zerbitzuak ote?

Batek daki. Agian, PP eta PNVren artean azken aldi honetan dagoen hika-mikaren beste saio bat besterik ez da izango, alderdi jeltzalea presionatzeko Espainiako Gobernuaren Aurrekontuak onartzea lagun dezan. Baliteke. Azken batean, dena omen da zilegi lortu nahi duten helburua erdiesteko. Pentsiodunen pentsio kaskarrak ez igotzea onartzea edota igotzen ez diren bitartean Eusko Jaurlaritzak pentsioak ez osagarritzea gutxieneko kopuru duinera arte ere. Horretan bat baitatoz PP, PNV eta PSE. Pentsio miserableenek miserableak izaten jarraituko dute %3 igota ere. Eta diru kopuru eskas horrekin ezin duintasunez bizi. Baina hori, agian, ez da lehentasunezkoa PP, PNV eta PSErentzat.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude