Gaur hasiko da Orain Presoak bizikleta martxa, urrunketa salatzeko

Mont de Marsango eta Zaballako espetxeak lotuko ditu lau egun iraungo duen martxak I Gaur, Mont de Marsan eta Baiona arteko bidea egingo dute txirrindulariek I Urrunketarekin bukatzea, larriki gaixo dauden prsoak askatzea, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa eta lehen graduen aldaketa aldarrikatuko dituzte parte hartzaileek

Lau aldarrikapen nagusi izango ditu Orain Presoak bizikleta martxa: urrunketarekin bukatzea, larriki dauden presoak askatzea, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa eta lehen graduan dauden presoen gradu-progresioari bide ematea. Gaurtik astelehenera luzatuko da bizikleta martxa hau. Okzitaniako Mont de Marsango espetxe aurrean, goizeko 10:00etan, abiatuko dira eta Baionara arratsaldeko 17:00etan edo heltzea aurreikusita dute. Arratsaldea eta gaua Lapurdiko hiriburuan emango dituzte txirrindulariek.

Larunbatean Baiona eta Donostiaren arteko bidea egingo dute. Goizeko 9:30etan abiatuko dira eta 15:45ean edo espero dute Donostiara heltzea. Igandean Donostia eta Altsasuren arteko ibilbidea egingo dute, Sakanako herrira 18:30etarako ailegatzea espero dutelarik. Azken etapa, Altsasu eta Arabako Zaballa kartzelaren arteko tartea egingo dute, Gasteiztik pasatuta. Arratsaldeko 17:00etan bizikleta martxari bukaera ematea aurreikusita dute.

Bizikleta Martxaren aurkezpenean adierazi bezala, “ekimen honen bitartez, Sare herritarrak une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu nahi du; urrunketa politikak zuzen-zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua nabarmenduz”.

Frantziar estatuan ekimena hasteko arrazoi gisa, hango gobernuak “gai honekiko aldaketarako duen borondatea erakutsi izana, eta beraz, erreferentzia argia bihurtu izana” aipatu zuten. Eta gaineratu zutenez, “bertan frogatu da, beste behin ere, gizarte zibilaren lanaren garrantzia; gizarte zibilak lortu baitu frantziar gobernuak frantziar estatuan dauden euskal presoei dagozkien baldintzak aldatzeko beharrezko urratsak ematen hastea.”

Antolatzaileen ustez, “jarraitu beharreko eredu argia da. Lan lerro hori jarraituz, gizarte zibilaren eta adostasun sozialaren bultzadaz, dugun babes instituzional eta sindikala kontuan izanik, espainiar estatuan ere bide horretan urratsak ematen has daitezen lortu beharra dugu.”

Orain Presoak Bizikleta Martxa honetan hiru leioaztarrek, gutxienez, parte hartuko dute, larunbatetik astelehenera arteko etapetan. Ekimen honen inguruko kronika laburrak eskeintzeko parada izatea espero du leihoa.info-k.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude