GED Leioak ekainaren 10eko giza-katearen aldeko lanean herritarren laguntza eskatu du

Giza-katearen izen-emateekin jarraitzen dute asteartero eta ostegunero, 18:30etatik 20:00etara, Sabino Arana kaleko lokalean

“Giza Katerako 45 egun eta 6 asteburu besterik ez dira geratzen”, adierazi du Gure Esku Dago Leioak gaur zabaldutako mezuan.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko gizarte-ekimenaren ustetan “ezinbestekoa da pertsonetako talde ahaltsua eratzea lonjako txandak antolatzeko, larunbatetan kalera irtetetzeko, kartelak jotzeko, informazioa hedatzeko,…”

Euren asmoa “geratzen diren asteburuetan, bat, bi, hiru aldiz Leioako auzoetatik igarotzea” izango litzateke.

Horregatik “zure kolaborazioa ezinbestekoa da. Lehen baino lehen harremanetan jar zaitez gurekin eta esan iezaiguzu aldez aurretiko zure jarrera”, eskatzen dizkiete GED Leioakoek herritarrei. Eta “bitartean, gonbida ezazu zure familia, kuadrila, lankideak,…. ekainaren 10eko giza-katean parte hartzera” bukatzen dute haien mezua Gure Esku Dago ekimenaren Leioako taldekoek.

Asteburuetako auzo ezberdinetan burutuko duten izen-emate kanpaina zehaztu bitartean, Sabino Arana kaleko euren lonjan asteartero eta ostegunero, arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara bitartean izena eman dezakete giza-katean parte hartu nahi duten leioaztarrek. Datu pertsonalak emateaz batera, 5€ ordaindu behar da, trukean giza-katearen zapia eskuratu dutelarik. Gainera, autobusaren txartela ordaindu beharko da (7 €), ekainaren 10ean Barazar aldera joateko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude