Hastera doa aurrekontu irekien proposamenak lehenesteko bigarren fasea

Abenduaren 22an amaitu zen lehen fasean,141 leioaztarrek aurkeztu zituzten 2018ko Udal Aurrekontu Orokorrean sartzeko proposamenak, eta guztira 332 proposamen egin zituzten.

Udalak jakitea eman duenez, “proposamenok espazio publikoa hobetzeari buruzkoak dira asko. Argiztapena, lan txikiak eta herriko mantentze lanak oro har”. Beste asko “mugikortasunarekin, ingurumenarekin eta, horien atzetik, kirolarekin eta kulturarekin lotuta daude”. Emaitzen txostena eta Datu-basea eskuragarri daude Leioa Zabalik-en.

Egindako ekarpen guztiak aztertu dira, eta erantzuna eman zaie, itzulketa dokumentu bat erabiliz. leioazabalik.leioa.net orrialdean eskuragarri daude erantzunok.

Aurten, Aurrekontu irekietara zuzendutako partida 840.000 eurokoa da, inbertsioen %25 gutxi gorabehera; horrenbestez, leioaztarrek 2018an egiteko proiekturik interesgarrienak zein diren nabarmendu beharko dute. Bigarren fase honetan, “ekarpenak aztertu eta horietako batzuk hautatu ondoren, 10 proiektu proposatzen dira, eta leioaztarrek lehenetsi egin beharko dituzte”, udalak adierazi duenez.

Zelan aukeratuko dira azken proiektuak?

Leioaztar bakoitzak azken 10 proiektuak lehentasunaren arabera ordenatu beharko ditu. 10 puntu emango zaizkio proiekturik garrantzitsuenari edo lehentasun handienekoari, 9 bigarrenari, eta hala egingo da 1era, hau da, lehentasun txikiena duen proiektura iritsi arte. Proiektu guztiak puntuatu behar dira.

Noiz eta nola har daiteke parte?

Parte hartzeko epea urtarrilaren 26tik otsailaren 18ra (biak barne) izango da.

Leioan erroldatutako 16 urte edo gehiagoko pertsona fisiko guztiek har dezakete parte. Pertsona bakoitzak behin bakarrik bozka dezake, eta, beraz, datu pertsonalak eman beharko dira. Errepikapenak edo galdetegi bukatugabeak egonez gero, ezabatu egingo dira, eta ez dira kontuan hartuko emaitzak aztertzerakoan.

Lehen fasean erabilitako bideez gainera (postontziak, Internet bidez eta aurrez aurre), informazio karpa batzuk jarriko dira Leioako hainbat gunetan, eta herritarrek bozka eman ahal izango dute. Karpak, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egun eta leku hauetan egongo dira:

• Otsailaren 6an Leioako Metro geltokiaren inguruan goizean eta Sakonetan arratsaldean.

• Otsailaren 7an Lamiakoko Metro geltokiaren inguruan goizean eta Txorierrin, nagusien etxearen parean arratsaldean.

• Otsailaren 8an Pinuetako Maiatzaren Bata kaleko 2.ean goizean eta San Bartolomen, Kulturgunearen parean arratsaldean.


Info +

http://leioazabalik.leioa.net/eu/presupuestos-abiertos

http://www.leioa.net/uploads/n2230_Folleto_devoluci%C3%B3n_y_priorizaci%C3%B3n-eu.pdf

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude