Hausnarketa saioa antolatu du Gure Esku Dago Leioak hurrengo larunbatean

Gure Esku Dago Leioak hurrengo larunbat goizean, hilak 14 , hausnarketa saioa antolatu du. “Zergatik eta zertarako erabaki nahi dugun jakinez eta, batez ere, hemen erabakitzeak duen garrantzia nabarmenduz”, ariketa kolektibo bat bezala planteatzen dute ekimen hau. Herriz herri antolatutakoen artean kokatuta dago Leioako hau. Horrela, Herritarron Ituna osatzen eta arrazoiz betetzen joan nahi dute, 2019 arrazoi lortu arte.  Herritarron itunaren ondorioak “instituzioei, alderdi politikoei eta erakunde esanguratsuei aurkeztuko zaizkie, Herri Ituna adosteko helburuaz”, diote GED Leioakoek. Saioa Txomin Aresti Eskolan burutuko da, goizeko 9:30etatik 13:30etara bitartean. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete GED Leioaren web orrialdearen formularioa betez.

Herritarron Itunera heltzeko  hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mahai inguruak egin dira “erabakitzeko eskubidea zertarako behar eta nahi dugun hitz egiteko”. “Mahai inguruotako edukiak abiapuntutzat hartu ahal dira eta ideia bilketa egiteko arrazoiak zehazteari begira ongizateaz, kulturaz, hiritartasunaz eta ingurugiroaz erabakitzeko” azaldu dute erabakitzeko taldearen aldeko herri dinamikaren kideek. Hiriburuotako sioen inguruko informazioa www.gureeskudago.eus webgunean aurkitu daiteke.

Horrezaz gain, KLIK Eguna antolatuko dute herriko GED taldekoek maiatzean, “egun horretara arte bildutako arrazoiaz erakusteaz gain arrazoi gehiago bilduko dira eta ekainaren 10eko giza-katean parte hartzeko gonbidapena luzatuko da”.

201,9 km luze izango duen giza-kateak Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu. “Herriz herri egindako lanaz, gure erabakia babesten duten 2019 arrazoiak, herritarron borondate demokratikoaren erakusgarri, Gasteizko Legebiltzarrera eramango ditugu”, Gure Esku Dago Leioako taldekoek adierazi dutenaren arabera.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude