Hiruka babesteko deia egin dute

Larunbat goizean eman zitzaion amaiera ‘Zu zara giltza!’ Hirukaren aldeko kanpainari, ekitaldi xume baten bidez. 50 bat lagun elkartu ziren Algortako Portu Zaharrean, komunikazio-proiektu honi babesa adierazteko asmoz, Hirukarentzat ‘hil ala bizikoa’ izango den urte honetan.

Galder Bilbao Txapi ALBEko kideak pare bat bertso kantatu ostean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Ninbe Landa Hirukako kide ohiak agiri bat irakurri zuten. ‘Uribe Kostako euskaldunok izan gara eta izango gara Hirukak irauteko giltza, eta hori aldarrikatzeko batu gara gaur hemen’, esan zuten. Haien aurretik, Irantzu Sagarminaga Hiruka kooperatibako lehendakariordeak gogorarazi egin zuen azaro erdialdean abiatutako ‘Zu zara giltza!’ kanpainak ez duela hasierako helburua (333 Hirukalagun lortzea) guztiz bete. Horregatik, ‘euskaraz bizi eta pentsatu’ gura duten uribekostarrak Hiruka babestera gonbidatu zituen.

Era berean, proiektuarentzat aro berria hasi dela azpimarratu zuten. Egoera ekonomikoak hainbat neurri hartzera behartu du HIRUKA (‘batzuk oso mingarriak’); besteak beste, astean behinekoa izateari utziko dio papereko edizioak. Hala, aste honen amaieran kalean egongo den aldizkaria 48 orrialdeko hilabetekaria izango da. Dena dela, webgunearen bitartez eskualdeko informazioa minutuz minutu emateko konpromisoari eutsiko dio Hirukak, eta eskualdeko kultur ekitaldien agenda eskaintzen segituko dute gailu mugikorretarako Hiruka aplikazioan.

CC: Hiruka.eus


Egin zaitez HIRUKAlagun!

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude