Ikus Arteen erakusketa ibiltaria Kultur Leioan

Ertibil Ikus Arteen erakusketa ibiltariaren XXXV. edizioa Kultur Leioan ikusgai egongo da azaroaren 5era arte

Hamabost artistak osatzen dute Ertibil 2017ko erakusketa: Sahatsa Jauregi,  Karlos Martinez B., Nagore Amenabarro Irastorza, Nora Aurrekoetxea & Laura Ruiz, María Benito Píriz, Marion Cruza Le Bihan, Claudia Rebeca Lorenzo, Edurne Martínez Arroyo, Teresa Del Romero, Mawatres, Oihane Sánchez Duro, Imagen 30, Cristian Villavicencio e Irantzu Yaldebere.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duen Ertibil Bizkaia izeneko Ikus Arteen Erakusketa Ibiltaria Bilbotik abiatu da, eta Lekeitio bisitatu ondoren Leioan egongo da ikusgai azaroaren 5era arte. Hemendik Basauri, Bermeo eta Barakaldoko udalerriak bisitatuko ditu.

Ondoko hauek izan dira Ertibil Bizkaia XXXV. edizioan sariak jaso dituzten artistak: Sahatsa Jauregi Azkarate, Iñigo Varona Sánchez eta Karlos Martinez B. Beren sormen-lana Bizkaiko lurraldean garatzen duten eta goraka dabiltzan artistak lagundu eta sustatzea da ERTIBILen helburua 1983. urteko lehen ediziotik egunera.Aurtengo edizioan 83 artistek parte hartu dute, beti ere 35 urtetik beherakoak. Espezialitate guztietan aurkeztu diren obretatik, Ertibil Bizkaia 2017 izeneko erakusketa osatzen duten 15 lan hautatu ditu profesionalen epaimahai batek.
ERAKUSKETA 
Ertibil 2017ko edizioa irabazi duen obrak eskultura, argazkigintza, ehungintza eta, are, instalazioa ere jorratzen ditu. Mihise gaineko 27 inprimatze-lan dituen obra honek lehenago SAHATSA JAUREGIk (Salvador de Bahía, Brasil, 1984) sortu eta argazkitan erakutsitako aldare kopuru bera erakusten du. Lan hori garatze aldera, artistak bere xedea erdiesteko aurkitu dituen objektu interesgarri batzuen bilketa-prozesua baliatu du. Objektuok merkatugai zaharkituak dira, laster iraungitzeko zain egon arren oraindik ere vintage izendatu ezin direnak, modan ez dauden jostailuen hondakinak, kopia merkeak, eta “plastikoa, material alkimiko gisa”, artistaren beraren hitzetan. Egungo gizarteak baztertzen dituen objektu horiek berrerabiltzea da xedea, ‘kitsch’ estiloaren eta umorearen erdibidean dagoen garaikur-saldoa sortzeko asmoz.
Particular del Norte izeneko kalea, Bailen eta San Frantzisko kaleekin triangelua eratzen duen Bilboko kale bat da; hala ere, hiru kaleotatik ezezagunena da. IÑIGO VARONAk (Valladolid, 1988), eskultura –zehazkiago zeramika– jorratuz, aztergai jarri du kale horren bilakaera, hango zenbait eraikini garrantzia emanez eta maketa formatuan erakutsiz; horrezaz gainera, bi eraikinotako kartelak baldosa zatikatuez birsortu ditu. Lanok, antza, ‘F. Urrestarazu Vinos-Aceites’ eta ‘Pedro Tejada Aceites y Licores’ kartelak erakusten dizkigute. Hain zuzen ere, azken eraikin horretan dauka artistak bere estudioa. Zeramikagile honek, arkeologoaren lanetik hur baina begiak haratago jarriz, tokiko memoria iraunaraztea eragingo duen arte-objektua gehitu dio ikerlan horri.
Don’t worry, you can’t get lost down here [Ez arduratu, hemen ezin zara galdu eta]. Neska espeleologo batek bere lagun bati koba ilun batera sartzerakoan esandako adore-hitz hauek baliatu ditu KARLOS MARTINEZ B.k (Bilbao, 1982) eskultura-multzo hau izendatzeko. Multzo hori burdina angeluzuzeneko labirinto zuzenean estekaturik dagoen forma organiko berde zeharrargi batek eratzen du, bai eta burdinen arteko tentsioari esker airean diren bi ontzik eta, arkeologiako erlikia antzo, eskaiolan harrapaturik dagoen toska zatikatu batek ere.
Sarituak izan diren aurreko hiru artistekin batera epaimahaiak hautatutako beste 12 lan ikus daitezke erakusketa honetan.

Info +:  http://www.kulturleioa.com/agenda/ertibil-bizkaia-2017/

Non: Kultur Leioaren Erakusketa gelan

Egunak: Azaroaren 5era arte

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 20:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara

Sarrera: Doan

Bisita gidatuak: infokultur@leioa.net / 94 607 25 70

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude