Izarra talde nafarrak mendean hartu du Leioa

Leioaztarrak markagailuan aurreratu dira lehen zatian, baina galtzen bukatu dute partidua 91.ean nafarrek penaltiz sartutako  golari esker

SD Leioak 1-2 galdu du CD Izarraren kontra jokatutako partidua, 2.B mailako II multzoko 9. jardunaldiari zegokiona. Norgehiagoka Sarrienan jokatu da arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Golegileak Óscar García Leioarentzat, eta nafarrentzat Briñol eta Bolo izan dira.

Jon Ander Lambea entrenatzaileak jokalari guztiak zeuzkan jokatzeko prest eta Iri izan da deialditik kanpo geratu dena.

Lehen zatian nagusi izan da talde leioaztarra eta 11. minutuan Óscar Garcíak atezain nafarra gainditu du buruz-burukoan eta lehen atariko gol bakarra lortu du. Bigarren zatian CD Izarrak berdinketaren gola lortu du, 55. minutuan. Talde nafarrak falta bat erdiratu du eskuin hegaletik eta Briñolek lortu du gola burukada zehatz bati esker. Horren ondorioz, Lambeak partiduko aldaketa bakarra egin du: Yosu Camporro Leanen ordez. Baina okerrena partida bukatzear zegoenean gertatu da. 88. minutuan Camporrok berak eta Gotik bi gol aukera argi huts egin dituzte eta 91n Unai Etxebarria atezainak penaltia egin dio gola sartzeko prest zegoen aurrelari bati, Leioak baloi irteeran akatsa egin ondoren. Bolok ez du hutsik egin eta 1-2koa jarri du markagailuan.

Horrela, SD Leioak 8 punturekin jarraitzen du eta 13. postuan dago sailkapenean, igandeko partiduen emaitzen zain. CD Izarrak 8 puntu ditu ere eta sailkapena oso estutua dago beheko postuetan. Hurrengo partidua hilak 22an izango da, igandea, arratsaldeko 18:00etan, UD Logroñés-en aurka Las Gaunas zelaian. Ataka zailean dago SD Leioa, azken bost partiduetatik lau galdu baititu. Hobetu beharra dauka jokoan eta emaitzetan arazo larrietan sartu nahi ez badu.


HAMAIKAKOA

SD Leioa: Unai, Luca, Morcillo, Córdoba, Óscar Pérez, Undabarrena, Leandro (Yosu Camporro), NIco, Yurrebaso, Goti, Óscar García

CD Izarra: Julio, Eneko, Eguaras, Cabrera, Maestresalas, Cisneros, Bruno (Cacho), Briñol, Gorka (Bolo), Yoel (Álex), Arnau


GOLAK

1 – 0   Óscar García (11. minutua)

1 – 1   Briñol (55. minutua)

1 – 2.  Bolo (91. minutua)


ARBITROA

Monter Solans (Aragoiko Komitekoa)

Txartel horiak:

SD Leioaren taldekide Óscar Pérez-i

CD Izarraren taldekide Cisneros-i

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude