Jaurlaritzak 20,4 miloi inbertituko ditu BEA hedatzeko Leioa eta EHUren artean

Eusko Jaurlaritzak baimendu egin du azpiegitura proiektuak hobetu eta ahalbideratzeko eta Euskadiko azpiegitura eta garraioa kudeatzeko konpromiso-kredituak sortzea gaur egindako Gobernu Kontseiluaren bileran. Horien artean aurkitzen da Leioako Autobus Elektriko Adimentsua finantzatzeko hurrengo hiru urtetarako konpromiso-kredituak aurreikustea.

Leioako Metro geltokia UPV/EHUko campusarekin uztartuko duen Autobus Elektriko Adimentsua ezartzeko aurreikusitako finantzaketa- hitzarmenerako, 19.950.000 euro esleitu dira, ondorengo eran banatuko direnak: 2020an 2.950.000 €, 2021ean 8.500.000 € eta 2022an beste 8.500.000 €. Horiei gehitu beharko litzaizkieke 2019n aurreikusita dauden 500.000 € proiektu honetan inbertitzeko. Guztira, beraz, 20.450.000 € aurreikusten ditu Jaurlaritzak proiektu garatzeko.

EH Bildu Leioak tanbiaren aurka egindako kanpainaren kartela. (Argazkia: EH Bildu Leioa)

EH Bilduren poztasuna

Berriak erreakzioak eragin ditu. Nabarmena, EH Bildu Leioarena, bere zinegotzi ohi Arkaitz Fullaondoren ahotik. Facebook-en adierazi duenez, “tranbiaren aurka urteak lanean ibili garenoi eta alternatiba gisa autobus elektrikoarena planteatu dugunoi denetarik esan digute (aurrerakuntzaren kontra geundela, Sarriena eta Leioandi auzoei zerbitzua ematearen aurka geundela, ezetza ezetzagatik esatearen aldekoak ginela, pankartarenak baino ez ginela…. Denborak arrazoia eman digu, planteatu eta defendatu duguna arrazionalena eta egingarriena zen. Azkenean Udondo Bulebarra tranbiarik gabekoa izangoda, Sabino Arana peatonala eta metroa eta UPV/EHU lotuko duen autobus elektrikoa eduikiko ditugu”. Gehitu duenez, “pozten nau PNV eta PSE, tranbiaren defendatzaile sutsuak eta erabilpenik gabe dauden kotxeretan dirutza inbertitu duenak zentzudun jokatu izana”. Fullaondok Leioako herria zoriondu du eta eskerrak eman dizkio horren alde borrokatu duten plataformei.

Leioako Udalak, bere aldetik, era marginal batez eman du albistearen berri. Bere Facebook-en bidez esteka bat jarri du Eusko Jaurlaritzaren Irekia orrialdera eramaten duena. Bere unean, Hirigintza zinegotzi eta oraingo EAJ/PNVren alkategaiak adierazi zuen BEAren proiektuari ez ziola abantailarik aurreikusten, zalantzan jarriz bere egokitasuna.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude