Jokin Ugarte izango da datorren urteko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua

Egungo zinegotzi Jokin Ugarte izango da EH Bildu Leioaren alkategia datorren urteko maiatzean izango diren udal hauteskundeetan.

Leioako alkatetzarako hautagaia aukeratzeko barne prozesua urriaren 15ean zabaldu eta hil bereko 28ra arte luzatu zen, talde subiranistak ezagutzera eman duenaren arabera. «EH Bildun izena emanda dauden leioaztar guztiek aukera izan dute nahi izan duten alakategaia aurkezteko» dio EH Bildu Leioaren oharrak. Jokin Ugarte Egurrola baino ez da aurkeztu datorren udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburu izateko, horretarako talde abertzalearen barne araudiak eskatzen dituen abalekin. Ezkerreko alderdi subiranistak onartutako barne araudiari jarraiki, EH Bilduren Hauteskunde Batzordeak, hautagaiaren onarpena berretsi ostean, Jokin Ugarte udalerriko alkategai izendatu du.

Jokin Ugarteren biografia

Jokin Ugarte Egurrola 1975ko ekainaren 21ean jaiotako leioaztarra da. Ezkonduta dago eta 8 eta 5 urteko bi alabaren aita da.

Leioan jaioa eta hezia, bere lehen mailako ikasketak Leioako Mesedetako Andra Mari Ikastetxean burutu zituen, eta Batxilergoa eta UOI gure udalerriko Barandiaran Institutoan. Herriko Musika Kontserbatorioan musika Gradu profesional ertaina ere ikasi zuen. Irakasle ikasketak, musika espezialitatean, UPV/EHUn egin zituen. Bestalde, Bilboko Taller M Lantegian masjista ikasketak eginak ditu.

Leioako alkatetzarako EH Bilduren alkategai berriak azken 7 urteetan zinegotzi bezala izan dituen ardurak Mesedetako Andra Mari Ikastetxean duen irakale lanarekin eta familia-aitaren ardurekin partekatu ditu. Leioako Musika Eskola eta Gradu ertaineko Kontserbatorioa zuzentzen duen Soinu Atadia Fundazioko kidea da, eta Gizarte Ekintza, Osasuna, Kontsumoa, Berdintasuna eta Garapenerako Lankidetza; Hezkuntza eta Herritarren Partaidetza; eta Sustapen ekonomikoa, Prestakuntza eta Enplegu udal Batzordeen kidea ere bada.

Ugartek bere poza agertu du «EH Bildu Leioaren hautagaitzaren buru izateko ardurarekin» eta eskerrak eman nahi izan ditu berarengan izandako konfiantzagatik. Beste aldetik, «udalerriak, bere auzoek eta herri sektoreek dituzten arazo anitzei konponbidea emango dien Leioa baten alde lanean jarraitzeko» konpromisoa erakutsi du. Horretarako, EH Bilduk «dauden arazo eta beharrak aztertzeko eta elkarte ezberdinek zein herritarrek, oro har, egingo dituzten proposamenak biltzeko hainbat bilera egingo ditu». Horiekin guztiekin 2019ko maiatzeko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen proposamena osatzeko asmoa du EH Bilduk.  

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude