Karitateko Mesedeetako Ikastetxearen ‘lehen harria’

Argazki zaharrak I Idoia López, leihoa.info

Gure herriaren historia grafikoa ezagutarazteko dugun sail honetara gaur dakargun argazkia zinez interesgarria da.

Leioan Karitateko Mesedeetako Amen Ikastetxea izango zenaren lehen harriaren ezartzea islatzen du, Etxebarrieta anaien Etorbidean (egun Eusko Gudarien Etorbidea deiturikoa)  kokatua dagoen Ikastetxea hain zuzen. Bertan ikus dezakegu ekitaldian parte hartzen duen seroreetako batek nola botatzen duen porlana sinbolikoki Ikastetxearen ‘lehen harria’ deiturikoan.

Argazkia 1965 urtean atera zen (duela 53 urte) eta bertan ekitaldian izandako hainbat lagun ikus daitezke. Ez da zaila pentsatzea horietako asko frankismo garaiko herriko bizilagun boteretsu eta ezagunak zirela. Arreta pizten du, hala ere, ekitaldi honen lehen plano honetan, elizaren ordezkaririk ez agertzeak, nahiz eta herrikoa izan.

Deigarria da, era berean, ikustea zer nolako Leioa zen ordukoa, hots, zein pisu-etxebizitza gutxi zegoen orduko hartan gure herriaren erdialdea zen eta den alde honetan, ikusten diren etxeak baserriak baitira ia denak.

Karitateko Mesedeetako Ikastetxea «hezkuntza ikastegi katolikoa da, pribatu kontzertatua, B eredukoa, hezkuntza integrala eta hizkuntz-eredu eleanitza eskaintzen duena, fedean eta balore kristauetan hezten duena», hezkuntza-instituzio honen web orrialdean agertzen den bezala. Ikastetxearen titularitatea Mesedeetako Ameetako Kongregazioak du, zeina, esan bezala, 60. hamarkadaren bigarren zatia etorri zen gure udalerrira, hots, Leioako industria garapen eta biztanle hazkunde beteko urteetan.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude