Biharko, hilak 11, ostegunez, antolatu du Leioako Ernai gazte erakundeak mahai-ingurua Kurkudi herriko tabernan.
“Kartzelaren egiak. Norbanakotik kolektibora” jarri diote izenburu, eta bertan hiru preso ohik hartuko dute parte, arratsaldeko 19:30etatik aurrera.
Hiru preso ohiak Xabier de la Maza Peña, Ainhoa Gutiérrez San Torcuato eta Iñaki Gonzalo Casal dira.
Iñaki Gonzalo Casal 19 urte eman zituen preso, 2013ko azaroan askatasuna berreskuratu zuelarik. Kartzelan egondako urteetan hainbat liburu idatzi zituen: Cómo no quererte, Alba, El Salvadorren ejerzitoak erahildako Begoña García Arandigoyen nafar mediku kooperantearen inguruko kontakizuna; Carta a un fantasma; Nadine; La barca de Amin eta El niño de Maguey.
Xabier de la Maza Peña, bere aldetik, 21 urte zituela atxilotu zuten Gorliz bere herrian, Segi gazte erakundearen kide zela leporatuta. Hainbat urte preso egonda, egun abokatu laboralista dihardu LAB sindikatuan.
Azkenik, Ainhoa Gutiérrez San Torcuato preso ohia da ere. Kartzelan zegoela, ama izan zen eta bere alabarekin hainbat urtetan bizi izan zen kartzelan. Gero, alabak aitite-amamarekin bizi behar izan zuen, bere guraso biak preso zituen eta.
Mahi-inguru hau preso eta iheslarien aldeko dinamikarekin lotu du Ernaik. Duela gutxi, bideo bat zalbaldu dute gazte erakunde horretako kideek Gabonetan herrian izan diren ekimenen berri emanez eta datorren larunbatean, Bilbon, Sarek deituta, “Prest gaude” lelo nagusiarekin burutuko den manifestazio nazionalera leioaztar gazteak joateko deia zabalduz. Horrela, “leioaztar gazteok prest gaude, zuekin gaude” adierazi nahi diete Ernai erakundetik euskal preso eta iheslariei.
Bideo osoa beheko irudian sakatuta ikus daiteke.