Leioa, bere ingurune fisiko eta geografikoa

leihoa.info

Leioak 8,36 km²-ko azalera du –8,17 km² lehorrekoak dira eta 0,19 km² itsasadarrekoak–, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren bokaletik hurbil, eskuineko aldean. Honako mugakide hauek ditu: Getxo eta Berango, iparraldean; Erandio ekialdean eta hegoaldean; eta mendebaldean Getxo eta itsasadarra.

Erliebe oso leunekoa eta 50 metrotik beherako batez besteko garaierakoa da Leioa. Bere lurretatik, iparraldetik hegoalderantz hainbat ibai eta erreka ditu, itsasadarraren ertzean dagoen ibar beheraino jaisten direnak. Mendirik garaienak  Kurkudi (126 m), Bolumburu eta Ikea dira. Hegoaldeko erdialdean dauden gailurrak 50 metrotik beherakoak dira, eta Udondo nahiz Lamiakoko ibarrek sorturiko eremu lau asko ageri dira, herriaren erdigunean, Artatza gaina nabari da, 76 metro garaierakoa. Itsas mailaren parean ia-ia, Lamiakoko ibarra dago, Udondo ibaiaren eskuinaldean, Gobela ibaiarekin elkartzen den lekuan, itsasadarrean itsasoratu baino lehen.

Hidrografikoki, Udondo ibaia udalerriaren iparraldeko muga da. Leioatik igarotzean Udondok Urgitxi, Iberre, Lerturtxe -goi-ibarrean, izen bereko urtegia dago-, Mendibile eta Elexalde erreken urak biltzen ditu, iparraldetik hegoalderako bidea egin baino lehen, Gobela ibaiarekin  bat egiten duen lekuraino, bokaletik oso gertu. Gobelaren azken zatia Pedro de Belaunzaran  arkitektoak egindako egitasmoei jarraiki bere ibilbidea aldatu zen Lamiako auzoan kokatu ziren industria jaioberriei behar zuten ur gozoaz hornitzeko. Azken tartean, bai Gobela nola Udondo ibaiak itsasadar bilakatzen ziren, eta itsasgorek nahiz itsasbeherek ukitzen zuten bokalea.

Lamiakoko padurak itsasadarraren ertzean daude, Getxora doan BI 711 errepidearen eskuinaldean. Joan den mendearen urte askotan, mareek gainezkatzen zuten eremu hori eta Astrabuduko padurekin lotzen ziren; hala, duna-lerro eta urmael gazikarak hedatzen ziren Asuatik Algortaraino. Kontuan hartu behar da herria eratu zen urtearen inguruan (1526an), padurak ibaien behe-ibilgu eta erreketaraino iristen zirela. Garai hartan ez zegoen baserri askorik eta oso sakabanaturik zeuden, baina apurka-apurka eremu honetako erlijio-gueneen inguruan batu ziren eta auzuneak osatu zituzten. Bertan, nekazaritzaren osagarri, beste jarduera ekonomiko batzuk garatzen hasi ziren.

Leioa 1526. Leioako Udala (J. A. Aretxabaleta, J. M. Salbidegoitia), 2001

Egitura eta geologiari dagokienez, Leioa Bizkaiko sinklinorioaren hegoaldeko alpean dago. Udalerriko harri-osaera, betez ere, kare-harrizkoa da.

Leioako alde behereko landaredia padura eta kostaldeko hareatzakoa da (ihi garaiko belazeak, ihi txikiko soropilak eta belardi trinko eta garaiak). Hezatasuna galdu ahala eta garaiera handiagoan ur geza nagusi den aldeetan, lezkak ageri dira, eta bestelako itxura ematen diote padurari. Giza eraginez, eremu horretako landaredia oso andeaturik dago.

Udalerriaren barrualdean, larreak dira nagusi, baina lehen gailenak ziren zuhaitzen gune apurrak ere ageri dira: artadi eta hariztiak, bai eta iabaiertzetako landaredia eta eukaliptuen baso-berritzeak.

Klima atlantikoak eragiten dio Leioari: negu suabeak, ohiz kanpoko hotz-boladak, 11° C-ko tenperatura-bitartea eta 14° C-ko batez besteko tenperatura, prezipitazioak 1000 eta 1200 ml-koak eta hegomendebaldeko haize hezeak nagusi dira.

Oharra: Testuak eta argazkiak Leioa historian zehar

liburutik (Leioako Udala, 2001) hartuak daude.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude