Leioako Campusaren mugimendu feministak EHUren jarrera salatu du

Medikuntza eta Erizaintza fakultatean Martxoaren 8an irakasle batek bi ikasle makil batekin jo eta gainontzekoak iraindu zituen. Eraso honen aurrean EHU-k izandako jarrera salatu dute mugimendu feministako kideek

Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakasle batek, eta aldi berean Kirurga saileko sailburua denak, Leioako Mugimendu Feministako bi kide makil batekin jo eta gainontzeko guztiak iraindu zituen Martxoaren 8ko Greba Feministan. Ordutik, hainbat bilera egin dituzte mugimendu feministakoek UPV/EHUren hainbat arduradunekin. Hala ere, “UPV / EHU-ren burokrazian dena oztopoak direla” azaldu dute, bertsioa entzuteko prest egon arren, inork erabakirik ez duela hartzen salatuz.

Bien bitartean, “erasotzailea harroputz, lotsagabe eta gainera irribarre desafiatzailez eta bere botere zein posizioaz gozatuz dabil fakultatean zehar”, azaldu dute ikasleek, inolako barkamen publikorik eskatu ez duelarik. Gainera, Medikuntza eta Erizaintza fakultatean zein ospitaleetan erasotzaileak “hainbat irakasleren babesa” jaso duela adierazi dute, aipaturiko jarrerak “egun hain feminizatua dagoen medikuntza bezalako gradu batean Kirurgiako sailak duen paper indartsuarekin” erlazionatuz.

Hori horrela, EHU-ri erasotzaileak publikoki emakumeen kolektiboaren aurka erabilitako indarkeria onartu eta barkamena eskatzearen eskaera egin zion Leioako Mugimendu Feministak; azken helburua, ordea, “erasotzailea sailburu zein irakasle kargutik kanporatzea” dela gaineratu dute.

“Gutxi kezkatzen du egoera honek instituzio hau; izan ere, UPV/EHU-k ezer gutxi egin du egoera honen aurrean“, salatu dute ikasleek, azken hogeita hamar urte baino gehiagotan zehar, gizon honen “jarrera sexista, matxista, homofobo eta arrazistak behin eta berriro onartu” dituela leporatuz.

Instituziaren “ustezko feminismoa aurpegi garbiketa hutsa” dela azaldu dute Leioako Mugimendu Feministakoek, “erasoen prebentzioan lanean dabiltzatela dioten bitartean. Gertaeren aurrean dekanotzatik jasotako erantzun bakarra fakultate mailako barne komunikatu bat” izan dela adierazi dute, “hautsak gehiago ez harrotzeko asmotan, publikoki aditzera eman ez dutena”.

“Argi geratu dadila haserrez, amorrazioz eta inpotentziaz beterik gaudela ez baitugu ez babesik ezta erantzun aktiborik ere jaso UPV/EHU-ren aldetik, baizik eta pasibotasuna eta konponbide bat emateko gogo zein eraginkortasun falta”, esan dute ikasleek; hala ere, lanean jarraituko dutela azpimarratu dute, egoera bere horretan geratu ez dadin.

Hainbat eragilek egin dute bat Leioako Mugimendu Feministarekin. Horrez gain, ikasleek eskerrak eman dizkiete babesa erakutsi dieten norbanako zein kolektiboei, indar bultzada handia izan direla adieraziz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude