Argazki zaharrak I Idoia López, leihoa.info
Zelako urteak, orduko haiek. Askok ez zuten ezagutuko Leioako erdialdea gure egungo argazkian erakusten dugun moduan. Baina halaxe izan zen.
Ez zegoen Avanzada errepidea bitan bananduta (lurazpiko tunela eta egungo Boulevard-a egiteke baitzeuden), Zentro Zibikoa deiturikoaren arrastorik ere ez. Baina bazeuden bera egun dagoen lekuan zeuden baserriak, eta udalaren alboan zeuden antzineko eskolak (orduko hartan musika eskola eta kultur aretoa bertan zeuden!!) eta aurreko etxeak ere (EAJ-ren Batzokia bertan zegoen). Bertan ospatzen ziren Sanjoanak eta bertan ere kokatzen ziren txosnak.
Autobus geralekua ere ez zegoen egungo lekuan, ‘Matone etxea’ deitutakoaren aurrean baizik. Argazkian ikus daitekeen bezala, egungo trafikoaren tamainarik ere ez zegoen, herritarrak errepidea gurutzatzen baitzuten errez asko (nahiz eta hori bati baino gehiagori garesti atera).
‘Aurrerapenak’ dena eramango zuen aurretik: baserriak, etxeak, eskola zaharrak, etxea… Beste zenbait lekuz aldatu zuen: autobus geralekua, Batzokia, kultur etxea eta musika eskola… Berriak ere helduko ziren: errepidearen desdoblea eta lurazpiko tunela, Boulevard-a…
Hogeita hamabost urtetan, dudarik ez, asko aldatu da Leioako erdialdea. Honerako, baina, izan da dena? Zerk hobetu beharko luke?