Leioako historia: Bere jatorria

Leioa, udalerri ezberdindu gisa, 1526 urtean sortu zen, Erandiko elizatetik banandu zelarik. Horregatik, aldez aurretiko datei dagokiena gure aldameneko eta, era berean, Leioako sorburu dena udalerriarekin lotuta azaltzen zaigu.

Erandiori buruzko lehen berriak Alfontso III.a Handia, Asturiasko erregearen 886 urteko kronikan ageri ziren, non Bizkaia berba ere aipatzen zen. Hurrengo berria 1100 urtean jaso zen, Erandioko Santa Maria eliza zabaldu zen urtea. Horren arabera, eremu horrek populazio gutxi eta sakabanatua zuen artean, Leioan kokaturiko baserri batzuk ere barne, baina, hala ere, ez dugu idatzizko erreferentziarik jaso.

Erdi Aroari dagokion datu-eskasia edo daturik ez-izate hau are handiagoa da aurreko garaietan.

Historiaurrea

Homo erectus gizakia bizi zen Kantauri aldean Behe-Paleolitoan (orain dela 1,2 miloi urte). Horren aztarnak aurkitu berri dira Atapuercan. Garai hartan, bilketan eta itsaski-bilketan aritzen zen gizakia. Euskal Musteriensearen aldian (Erdi-Paleolitoa, gure aroaren aurreko 64.000-32.000 urte), Neanderthal gizakia izan zen gizabanakorik esanguratsuena.  Gizatalde horiek animalia handiak ehizatzen zituzten eta haitzuloak erabiltzen zituzten aterpe. Halaber, ibai-sapaldetan bizi izan ziren eta barrualdeko nahiz itsaerzeko eremu garietan (Kurtzia, Sopelan, horren erakusle da). Goi-Paleolitoan (gure aroaren aurreko 40.000-30.000 urte) Homo Sapiens izenekoa (Cromagnon gizakia ere deitua) agertu zen, euskal lurraldeetan Mendebaldeko Pirinioetako ereduaren arabera bilakatu zena. Hezur-tresnen aldi gorena izan zen (orratzak, arpoiak…). Epipaleolitoan (gure aroaren 9.000/8.500-5.000 urte), klimak hobera egin zuen, eta glaziarrak urtu eta itsas trasgresio bat jazo zen, hots, kostaldeak urgaineratu ziren. Gizataldeak, gehienbat, ehizan (eraginkorragoa zen, arkua asmatu baitzuten), bilketan, arrantzan eta itsaski-bilketan aritu ohi ziren.

Neolitoan (Europan, gure aroaren aurreko 5.000 urte baino beranduago) garai berria hasi zen eta komunitateak senitartekotasun-loturari eusten hasi ziren, harreman gutxi izanik komunitatetik kanpo. Nekazaritzan hasi ziren, zenbait animali etxekotzen, lanabesak leuntzen (hortik izena hartuz, harri berria edo landua) eta zeramika lantzen. Horrez geroztik, aurrerapenak gero eta arinagoak izan ziren. Horrela, Kalkolitoan (kobrearen aroa, gure aroaren IV. milurtekoa gure esparru geografikoan) eta Metal Aro osoan (kobrea, brontzea, burdina), kokalekuak aire zabaleko herrixka ugari izan ziren, eta abeltzaintza transhumantea oso garrantzizkoa izan zen eta trikuharrien kultura agertu zen.

Leioan bi gauzaki besterik ez da aurkitu garai hartako aztarnategietan, beren artean urrun dauden bi lekutan gainea. Alde batetik, eskisto edo arbel beltzeko ustezko bifaza dugu, Paleolitoko aurkikuntza bakarra, Ondizko baselizatik oso gertu aurkitua. Beste alde batetik, Peruri auzunean, Neolitoko esku-errota aurkitu zen.

Antzinaroa

Erromanizazioaren aurretik, Leioa karistiarren, hots, egungo Bizkaiko eta Arabako lurraldeetan bizi zen herri aurre-erromatarraren mendeko lurraldean zegoen, baina giza populazioa izan zenako nabaritasunik (matriarkatuan oinarritua, familia monogamikoak klan edo gentilitas zirelakoetan elkartuak eta horiek tribuetan, abeltzaintzan jarduten zuten mendietan eta nekazaritzan haranetan, eta basoak ustiatzen zituzten) ez da ageri gure udalerrian.

Erromanizazioak iraun zuen bitartean gure herria Saltus Vasconum (horrela deitzen zioten erromatarrek gure artzai-eremu basotsu honi) horren barruan zegoenez, lehorreko bide handienetatik bazter geratu zen, hots, erromatarren lurralde eta kultur menderaldia zabaldu zeneko bideetatik bazter.

Gure aroraren V. mendean, germaniarren inbasioek ekarri zuten Erdi Arorako igaroaldia. Baina, berriz ere, Leioa indarrez sartzeko berezko biderik iparraldera, urrutiegi, zegoen.


Oharrak

  1. Nolte eta Aramburu, E. Kobie aldizkaria, nº 15. Bizkaiko Foru Aldundia, 1985/1986,  249. orrialdea.
  2. Testu hau osatzeko Leioako Udalak 2001. urtean argitaratutako Ana López Asensioren Leioa historian zehar  liburuaren hainbat pasarte hartu dugu. Euskal Herriko erromanizazioarfen mapa ere liburu horretatik hartua da.
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude