Leioako Ongi Etorri Errefuxiatuak: ‘Ez nazazu kanpotarra deitu’

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen tokiko taldeak Leioako Udalak iragan ostiralean, azaroaren 9an, Artatza auzoan gertatutako bi pertsonen atxiloketaren harira zabaldutako prentsa oharraren aurrean taldearen haserrea adierazi nahi izan dute, «ez baitzaigu zilegi iruditu atxilotutakoen jatorriari erreferentzia egitea».

OEE-k adierazten duenez, «kanpotar izatearen kondizioak ez du gertatutakoen ulermena baldintzatzen, baina atzerritarra izatearen eta delinkuentziaren arteko asoziazioa eragiten du».

Errefuxiatuen eskubideen aldeko taldeko kideek uste dute «gure ordezkariak direnek eta udal erakundeek, kazetaritza estilo gidaliburuei eta Eusko Jaurlaritzak berak pertsona ezberdinen tratuari buruz emandako aholkuei kasu egin beharko liekete, bai azal, bai erlijio baita nazionalitate kontuetan ere». Eta honakoa gaineratu dute: «informazio negatiboak ezin daitezke indartu».

Hala ere, «komunikabideetan jatorria atzerritara zehazteko joera dago, bereziki albistea negatiboa denean. Eta, nahiz eta komunikabideetan agertzea larria iruditzen zaigun, are larriagoa deritzogu Leioako Udalak, erakunde publiko batek, egiteari», diote OEE taldekoek.

Horregatik hain zuzen, «udalak egindako praktika komunikatibo honen salaketa egin eta udala bera hausnarketara gonbidatu nahi dugu, pertsona migranteen duintasunaren kontra egiten duten albiste hauei amaiera jar diezaien, gertatutakoetatik urrun geratzen diren gatazka eta interpretazioak baztertu eta egiak iraun dezan».

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude