Bihar hasiko dira EH Bildu Leioak antolatutako “Mugikortasuna eta bizi kalitatea Leioan” izenburu duten Jardunaldiak
Leioako Udalak eta Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoak “hainbat batzar izan dituzte Lamiakoko HUAren proiektua lantzeko” eta “elkarlan honen emaitza heldu da”. Udalak adierazitakoaren arabera “Ur Patzuergoak HUAren proiektua baztertu du eta bere ordez ekaitzetarako endelaren handitzeari ekingo zaio, honekin batera euria dagoenean estuariora igortzen den ur-emariak tratatzeko instalazioa ere jarriko da. Hau da, euririk ez dagoenean hondakin-ura Galindoko HUAn tratatuko da, orain egiten den modura”.
Hurrengo egunetan proiektu honen idazketa lanak esleituko ei dira, aurreko proiektuak eskatzen zituen “azaleraren herena izango duena, honek eragiten dituen afekzio fisiko eta bisualak biziki gutxituz”, herriko udalak dioenez.
Tokiko iturrien arabera, “albiste hau ez dator bakarrik, izan ere azken astean Bilboko Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, Leioako Udalak horrela eskatuta, Leioako Felipe del Rio errepidea Udalaren esku geratuko da laster”. Esku-hartze hauek “Udalak jada egiten ari den paisaiaren ekintza planaren barruan haintzat hartzen ari dira”, antza. Ekintza plan honen helburua, “dartsenako gunearen ingurumen-eraldaketa egiterakoan kontutan izan beharreko ekintzak edota paisai-irizpideak ezartzea da” gaur jakinarazi dutenez.
EH Bildu Leioaren Mugikortasun eta bizi kalitate Jardunaldiak
Albiste hau EH Bildu Leioak antolatu dituen Jardunaldiak hasi baino egun bat lehenago ezagutarazi du Leioako Udalak. Aipatu Jardunaldietan, hain juxtu, bihar bertan, arratsaldeko 19:00etan hasita, Errekalde Plazako Nagusien Etxean, “Lamiako-Txopoeta, gozamenerako gunea” izenburuko hitzaldi sorta egongo da.
Lehenik eta behin, Urtzi Goiti biologo eta UPV/EHUren irakasleak “Lamiakoko ibarra: natura-ondare gisa babestu” izeneko hitzaldia emango du. Ondoren “Gobela ibaiko pasealekuaren esku-hartze osoa eta berreskurapena”-z berba egingo du Gaizka Zuazo paisajistak. Eta Biziz-bizi elkarteko César Montalván-ek “Itsasadarreko bidegorria”z jardungo du.
Etzi, ostegunez, “Sabino Arana peatonalizatu eta gero, zer” hitzaldi sorta antolatu dut EH Bilduk, Iruñeko Udalaren Joxe Abaurrea zinegotzia “Mugikortasuna eta espazio publikoa”-z arituko delarik. Ondoren, Ander Gortazar arkitektoak “Garraiobide publikorako aukera ezberdinak eta hiriaren testuinguru anitzei erantzunak” izeneko hitzaldia emango du, eta Gasteizko Udalaren zinegotzi Félix González-ek “Bus azkarra eta tranbia: abantailak eta desabantailak” izenekoaz jardungo du.
Azkenik, ostiralean, hilak 11, “Avanzadaren zarata eta kutsadura: beste mugikortasun eredu batetarako gakoak” izenburuko hiru hitzaldi antolatu dira: Lehenengoan Mario Fernández medikuak “Ibilgailuen zirkulazioaren ondoriozko kutsadurak dakartzan osasun-arazoak” izenekoa emango du. Eta ondoren, Aintzane del Río arkitektoak “Bilbao Metropolitanoaren Lurralde Plangintza Partziala: Garraio-eredrua eta mugikortasunaren analisia genero ikuspuntutik” izeneko hitzaldia eskeiniko du. David Hoyos ekonomilariak prestatutako “Epe laburrerako eta epe luzerako aukerak” izenekoarekin bukaera jarriko zaie Jardunaldiei.