M8 :: Greba eta mobilizazio feministen bi aurpegi arras ezberdinak

Atzo, Martxoak 8, Nazioarteko Emkumeen harira, lanuzteak, mobilizazioak, ospakizunak eta denetariko ekintzak antolatutako zituzten emakume-antolkunde ezberdinek, feministek, sindikatuek eta abar. Dudarik ez dago atzokoa egun ezberdina izan zela. Nazioarte mailako mugimendu feministak greba eguna izateko egindako deialdiak jarraipen oso zabala izan zuen Euskal Herrian. Mobilizazioak ere oso arrakastatsuak, goizez zein arratsaldez eta gauez. Historiko adjektiboa, kasu honetan, ondo merezia du atzoko egunak.

Pairatzen duten ezberdintasun, zapalketa, indarkeria eta diskriminazio oro ikustarazteko helburuz greba egin zuten emakumeek atzo. Lortutako arrakastak oso adierazgarria izan zen. Gizonezkoak bigarren mailan geratu ziren behingoagatik izan bazen ere: greba egiteko deialdirik ez (salbu mugimendu feministak egindako deialditik at geratu ziren zenbait sindikatuaren deialdiak), etxeko- eta zaintza-lanak bere ardura eta lana egun batez sikeran, goizeko manifestazioetan emakumeak soilik parte hartzeko deituak ziren, arratsaldekoetan bigarren mailako papera… Sekundario papera egokitu zitzaien gizonei atzokoan. Protagonismoa emakume-talde, feminista, sindikatu eta abarrena izan baitzen.

Egunak irudi eta ekimen asko utzi zituen. Ikusgarriak eta hain ikusgarriak izan ez zirenak, handiak eta txikiak, txalotzekoak eta deitoragarriak. Guk bi ekarri  nahi izan ditugu gure txoko txiki honetara. Gure herrian gertatuak. Ondokoak:

Gure herriko saskibaloi taldeak Nazioarteko Emakumeen Eguna dela eta, deitu diren greba, lanuzte, manifestaldi eta abarren alde agertu da “pertsona orori bertan parte hartzeko deia” luzatuz, “emakumeak aktiboki, bakoitzak ahal duen heinean, eta gizonak emakumeak laguntzen eta parte hartzea errezten” zioen taldeak bere web orrialdean. Taldeak “berdintasunaren borroka guztiona da” esanez bukatzen zuen bere mezu laburra. Mezua, gainera, emakumeen plantoa egiteko ateratako irudiarekin zabaldu zuten.

UPV/EHUko Leioako Campusean gizonezko irakasle batek bi ikasle jipoitu ditu bere makilarekin

UPV/EHUn, Leioako Campusean dagoen ikasleen mugimendu feministak kalejira musikatua deitu zuen atzokoan. Normaltasun osoz burutu zen, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatera heldu arte. Sare sozialetan zabaldutako oharrean diotenez “fakultatez fakultate ibili gara musikarekin emakume* orori batzera gonbidatuz. Horretan ari ginela Osasungintzaren Fakultatean sartu gara eta kirurgia departamentura hurbildu gara”. Unibertsitateko ikasle feministrek adierazi dutenez “bertako sailburuarekin lehenagotik arazoak izan ditugunez bere atera hurbiltzea erabaki dugu; horren ostean bere erantzuna zuzenean gu erasotzea izan da: bi ikasle bastoi batekin jo ditu eta denok iraindu gaitu behin eta berriro”. Gertaera horiek direla eta, feministek “datorren egunetan egingo diren mobilizazioetara adi egoteko” eskatu dute, “hau ez (bait)da horrela geratuko”. “Aldez aurretiko arazoak klaseetan ere izan ditugu irakasle honekin bere iruzkin matxistengatik”, ikasle feministek diotenez.

UPV/EHUko iturriek, bere aldetik, atzo gertatutakoaren harira “izapide informatiboak” burutzen ari direla adierazi dute, zehaztapen edo iritzirik eman nahi izan gabe, “zuhurrak izan nahi ditugulako”. leihoa.info-k jakin izan duenez, segurtasunekoek banandu eta urrundu behar izan zuen Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa Sailaren zuzendaria ikasle feministengandik.

I. G-A. M. irakaslea da ikasle feministek salatu duten irakaslea eta Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa Sailaren zuzendaria ere bada. Egun duen karguaz gain, Medikuntza Fakultatearen Dekanotzan hartu du parte hainbat urtetan eta ezaguna da Opus Deiren kide gisa. Arazoak izan ditu behin baino gehiagotan bere iritzi ultrakontserbadore eta ultraerligiosoak direla eta. Misoginia ere leporatu izan diote sarri. Horrezaz gain, UPV/EHUren Bioetika Batzordearekin ere zenbait arazo izan ditu azken gertaera hau izan baino lehen.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude