M8 :: Ospakizun eta ekitaldi oso jendetsuak aurtengo ekimen ezberdinetan

2018ko Nazioarteko Emakumeen Eguna historiara pasatuko da, oso mobilizazio jendetsuak egin baitira. Andrak elkarteak eta Udalak bultzatutako konzentrazioan ehundaka herritar batu dira. Greba Feministaren jarraipena ere oso zabala izan da: herrian, eskualdean zein Bilboko manifestazioetan aspaldiko partez mobilizatu den emakumen kopuru handiena izan da.

Emakumeen plantoak, ziurrenik, antolatzaileek aldez aurretik uste baino jarraipen zabalagoa eduki du. Nabaria izan da egun osoan zehar izandako ekimen eta mobilizazioetan, Leioan, eskualdean eta Bilboko manifestazioetan. Hona egunaren kontakizun laburra, gure herritik abiatuta.

Goiz hasi ziren Leioako Mugimendu Feministaren kideak emakumeen greba eta plantoaren inguruko propaganda-lana zabaltzen. Goizeko 11:15ean zen hitzordua, Leioako Osasun Zentroaren atzeko parteko parkinean. Hamai 10 kotxe ibili ziren herrian zehar bueltaka, egunaren aldarrikapenak eta deialdiak lau haizetara bidaliz.

Bulebarraren konzentrazioa eta Adierazpena

Horren ostean etorri zen Andrak elkarteak zein Udalak deitutako konzentrazioa Iparragirre Etorbidearen Bulebarrean: ehunka lagun, gazte eta adineko, emakume zein gizon bildu ziren udal Gobernu Batzarraren gehiengoak (EAJ/PNV, Esnatu Leioa, EH Bildu eta PSE) onartutako Adierazpena entzuteko. PP soilik geratu da horretatik kanpo, ezadostasunak medio. Nabarmena izan zen erdialde inguruan kokatuta dauden ikastetxeen ikasleen parte hartzea konzentrazioan. Testua bi emakumek irakurri zuten, horietako bat Andrak elkartearen lehendakari Ana Céspedes. “Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak…) edo etxeko lanak egin. Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituztela” entzun zen beren ahotik. Gaineratu zutenez, “emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen”. Are gehiago, “lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren %56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren % 74 ere” azaldu zuten.

Hala ere, “egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan­ munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren”. “Denbora erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta estereotipoak betilmtzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak urtartzeko egiturazko oztopo ere bada” dio testuak. Horrexegatik, gizarteak zaintza-lana ezinbestekoa dela aitortzea; zaintzen inguruko antolakuntza berri bat babestu beharra dagoela; gizonen erantzukidetasuna sustatu beharra dagoela; antolakuntza- eta enpresa-kultura berdintasunarekin lerrokatu  behar direla; eta bizitza pertsonalaren eta laneko bizitzaren kontziliazioa sustatuko duten zerbitzu publikoak indartu behar direla aldarrikatu zuten.

Leioako Udalak, bere aldetik, egoeraz ohartuta, “sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatuko dituela; zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen; udal politikak genero-ikuspegiarekin garatuko dituela eta balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdinatasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak susta daitezen”  hitza eman du.

Eskualdeko manifestazioa Algorta

Leioako Mugimendu Feministak eguerdiko 12:00etarako Algortan deituta zegoen manifestazioarekin bat egin du eta haruntz abiatu dira herriko emakumeak kotxe-karabanan. Algortan ere oso ekitaldi jendetsua burutu dute, konzentrazioa eta manifestazioa eginez. Poztasuna nabaria zen, eguna uste baino hobeto irteten ari zenaren seinale, ziurrenik.

UPV/EHUko Campusean, bestalde, goizean zehar kalejira musikatua burutu zuten ikasleen mugimendu feministak deituta. Medikuntza Fakultatean izandako erasoaz aparte, normaltasunez egin zen ekimena. Eta 13:00ak pasatuak zirenean Campusaren zeharreko manifestazioari hasiera eman Zion, ehundaka ikasle bilduz.

Bilbon ere izan zen goizean mobilizazioa, batez ere, lantokietako lanuztea egindako emakumezko langileak bilduta. Milaka emakume batu ziren hiriburuaren kaleetan zehar, soldata arrakala, indarkeria matxista, diskriminzazioa, emakumezkoen lanen prekarizazio edo behar bezala ez onartu eta ordainduak, eta abar luzea salatzen. Hamabost mila neska eta emakume baino gehiago batu ziren aldarrikapen horiek eta gehiago plazaratzen. Kontuan hartutan gainontzeko eskualdeetan ere bilkurak zeudela, arratsaldekoaren arrakastaren iragarle har zitekeen eguerdiko hau, Udaletxe atarian bukatu zena.

Arratsaldeko ekimenak


Arratsaldean, 18:00etan zuten hitzordua jarrita herriko feministek. Sakoneta Polikiroldegiaren atarian ehundik gorako emakune, umeak eta guzti batu ziren. Hasierako ezustekoa gaindituta, erdialdean ibili ziren, plazarik plaza, musika jarrita eta aldarrikapenak megafoniatik zabalduz. Horren ostean, Leioako metro geltokira abiatu ziren, tropelean, Bilb oko manifestaziora puntual heltzeko gogoz.

Egunaren azken ezusteko alaia izan zen Bilbokoa. Hirurogei mila (60.000!) emakume batu ziren hiriburuaren kaleetan, askotan ez atzera ez aurrera egin ezinik, aldarrikapenak ohiukatuz eta giro alaian.

Neketsua izan zen emakume askorentzat eguna. Baina alaia, oso alaia. Emakumeen indarra kalean ikusi da. Izan dadila urrats berrien iragarle.


Egunak eman duena, labur, ondoko bideoan ikus daiteke:

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.