Metroaren lurperatzea aldarrikatzen du EH Bilduk, Lamiakon “zarata eta hesirik gabeko auzoa” lortzeko

EH Bildu Leioak Lamiako eta Txopoeta auzoetan esku-orri bat eta belarrietarako tapoi pare bat banatu ditu eta bertan dioenez “orain da metroa behingoz lurperatzeko” unea. Bide batez “Lamiako eta Txopoeta biziberritzearen aldeko apustua egiteko” eta “zaratarik eta hesirik gabeko auzoa” lortzeko deia egiten du.

Koalizio subiranistak dioenez “Lamiako eta Txopoetan bizi garenok metroaren zarataren inpaktua eta horrek gure bizi-kalitatean duen eragina sobera ezagutzen dugu”. Seinalatzen duenez, “Leioako zarataren Mapak metroaren ondoko guneak bizitegi-eremuentzako legalki ezarritako soinu-esposizio bailetatik gorakotzat ditu guneok”. Eta gogora ekartzen du berriki egin den Lamiakoko Ibarraren eta paisaiaren ikerketa. Lan horrek Lamiakoko Ibarraren  balioa azpimarratzen du, “antzineko paduraren elementuak gordetzen baititu oraindik: gune hezeen  berezko landaredia eta interes handiko hegazti motak”. Horretaz gain, “Nerbioiko estuarioa izan zenaren gune berreskuragarri  bakarra da”, dio talde politiko honek.

Ezkerreko talde subiranistak azpimarratzen du ere metroaren “inpaktu bisuala, paisaia apurtzen duen azpiegitura lineala baita, hesia bilakatu arte”, erreka, ibarra eta Txopoetako futbol zelaien zonaldeak udalerriaren barrukaldetik deslotzen dituelarik, Bilduk dioenez “gaur egun Lamiako eta Txopoeta nasa eta errekarekin metroaren gaineko pasabide bakarra egoteraino”.

Nagore Marcos EH Bilduren hautagaiak zerrendaren bigarren lekuan doan Mari Jose Peleteirori azalpenak ematen. Argazkia: EH Bildu Leioa

EH Bilduk “ezinbestekotzat” jotzen du metroa lurperatzea “Lamiakoren zonalde biak lotzeko, eta Gobela eta Udondo ibaiak eta Txopoetako futbol zelaiak auzotarren gozamenerako berreskuratzea eta auzo bi hauen bizitza sozial eta ekonomikoa dinamizatzeko erabilera ematea espazio hauei ahalbidetuko bailuke”. Horregatik “Lamiako eta Txopoetaren biziberritzearen aldeko apustua egiteko unea da, orain de Metroa behingoz lurperatzeko unea!”, Bilduren iritziz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude