Oneka: ‘Eusko Jaurlaritzaren proiektuarekin pentisoen osagarriek mozketekin jarraituko dute’

 Oneka, euskal emakume pentsionisten plataformaren iritziz, Gobernuaren «DSB-ren (RGI) prestazioak igotzeko proiektuaren igoerarekin mantendu egingo dira orain arteko mozketak eta ez du legeak berak agintzen duena ere, beteko».  Ondorioz, «pentsioen osagarriak, orain arte bezala, mozketekin jarraituko dute». 

DSBa (RGI) jasotzen duten pentsionistentzat %4,5eko igoera proposatzen dute. Horrekin gutxieneko penrtsioa 765 €taraino osatuko lukete. Baina, Onekaren ustez, «DSBren (RGI) legeak dioena ezarriko balute, 2019rako osagarria, 900 €raino igo beharko litzateke 14 ordainketetan edo 1.050 € 12 ordainketetan». Jaurlaritzaren erabakiak, aitzitik, «765 €tarainoko igoera izan da, beraz mozketa horren ondorioz, 315 € galduko ditugu hilero».

Onekak gogoratu duenez, «emakume pentsiodunok gara pentsio baxuenak jasotzen ditugunak. Emakumeen %56ak, lanbide arteko gutxiengo soldataren (900€) azpitik kobratzen dugu eta 213.000tik gora, pobreziaren mugatik beherako pentsioa daukagu». Eta, Jaurlaritzaren proposamenarekin, Onekaren iritziz, «emakumeek jasan behar dugun pobrezia egoera gehitzen joango da eta gero eta gutxiago izango gara bizitza duina lortzeko aukera izango dugunak». 

Emakume pentsionisten plataformak «bere ardurari ihes egiten dion Gobernu hau salatu nahi dugu, izan ere, ez du berea den legea betetzen. Horren ondorioak pertsona behartsu eta ahulenentzat nabariak dira. Exijitzen diogu, legez, 1.080 €ko gutxiengo pentsioa jasotzeko, osagarria ezar dezala eta gure gizarteak jasaten duen pobrezia gainditzea, lehentasun izatea». 

Hau guztia dela eta, Onekaren ustetan «emakumeok kalean jarraitu behar dugu. Orain arte lortu duguna mobilizazioei esker izan da baina ez dugu bermerik, 2011 eta 2013ko pentsio erreformak indarrean dauden bitartean». Eta, diotenez, «gure oinarrizko beharrak ez ditugu beteko 1080€ko gutxiengo pentsioa lortzen ez dugun artean».  Horregatik, Estatuko, Euskal Erkidegoko eta Nafarroako Gobernuei «exijitzen diegu, jadanik, beste dezaten bere erantzukizuna: pentsio sistema publikoa eta pentio duinak bermatzea». 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude