Orain Presoak bizikleta itzulia Arabako Zaballa kartzelaren aurrean bukatu da gaur

“Zaballako espetxea presoak lekualdatzeko orduan erreferentzia kartzela izatea nahi dugu”, azaldu du Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak.

Presoak Euskal Herrira hurbiltzea eskatzeko antolatutako “Orain Presoak” txirrindulari martxa Zaballako (Araba) espetxean bukatu da gaur, iragan ostiralean Mont de Marsango (Frantzia) kartzelatik abiatu ondoren. Frantziako Gobernuak zenbait preso bertara hurbildu ditu dagoeneko. Espainiako sakabanaketa politikak zigortutako presoak Arabako kartzelara hurbiltzea nahi dute antolatzaileek, hau da, Zaballa “erreferentziazko espetxea” bihurtzea.

Martxak “arrakasta” izan duela goraipatu du Joseba Azkarraga Sare erakundearen bozeramaileak. “Etapa batzuetan 200 pertsonak parte hartu dute”, azpimarratu duenez.30 herritik pasa direla gogorarazi du. Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiaren hitzetan, “gobernuen eta alderdien jarrera aldatzeko, osagairik aktiboena gizartea izan behar dela konbentzitzen saiatu dira”.

“Elkarbizitza eta bakea lortzeko aurrerapausoak eman behar dira, eta presoen eskubideen urraketarekin amaitu;  gizartea sentsibilizatu nahi dugu”, berretsi du Sareren eledunak.

Bozeramailearen ahotan, martxa Mont de Marsanetik abiatu zen, “Frantziako Gobernuaren espetxe politika aldaketaren adibide argia delako; preso batzuen helmuga izan baita”. “Zaballa ere presoak lekualdatzeko orduan erreferentzia kartzela izatea nahi dugu”, azaldu du.

Etorkizunean, “aurrera egiten eta gizartea sentsibilizatzen jarraitu” nahi dutela gaineratu du Azkarragak. Orain Presoak dinamikaren barnean manifestazioa deitu dute urriaren 20rako Bilbon, presoen egoerari irtenbide bat ematea lortzeko.

Zaballako kartzelaren aurrean  bukaera

Gaurko etapan Altsatutik abiatu dira txirrindulariak, eta handik Araban sartu dira, Lautadako hainbat herritatik pasatuz (besteak beste, Agurain). Lautada zeharkatuta heldu dira Gasteizera, 11:45ak inguruan. Arabako hiriburaren hainbat auzo eta kaletatik ibili ostean, Ama Zuria Birginaren Plazara heldu dira martxistak, bertan Joseba Azkarragaren adierazpenez gain ekitaldi laburra egin delarik.

Garazi Arrula, Orain Presoak dinamikaren kideetako bat ekainaren 2an egindako adierazpen publikoaren mamia gogora ekarri du eta adostutako lau lehentasunak aipatu ditu: Urruntzearekin bukatzea; larriki gaixo dauden presoak kaleratzea; Europako legediak dioen moduan, bi estatutako zigorren batuketaren aplikazioa eta, azkenik, lehen graduen aldaketa, progresioak ahalbidetuz.

Horren ostean, luntxa dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek indarrak berreskuratzeko. Arratsaldeko 15:30etan Zaballako kartzelaruntz abiatu dira martxistak. Bertan, kanta eta aldarrikapenen artean, bukaera eman diote Orain Presoak bizikleta  itzuliari.

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude