Orain Presoak dinamikak espetxe politika alderdien arteko akordioen agendan kokatzera deitu du

Orain Presoak dinamikaren baitan larunbat honetan antolatu den manifestazioan parte hartzeko azken deia luzatu, Bilboko manifestazioaren nondik norakoak azaldu eta balorazio politikoa egin dute Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarragak Bilbon.

Balorazioari dagokionez, 2018a Euskal Herriaren bake-prozesuaren bidean bereziki garrantzitsua izan dela azpimarratu dute: «Aurreko maiatzean, gure herrian urte luzez min eta sufrimendua sortarazi duen indarkerietako bat behin betirako desagertu zen. Kanboko ekitaldi historiko hartan, herritar askok eta askok garai ilun bati amaiera eman zitzaiola sentitu genuen, baina jakitun izanik horrekin ez zela sufrimendu guztiarekin amaituko eta oraindik bide luzea dugula aurretik bizikidetza baketsu iraunkor bat lortzeko», aitortu dute.

«Espetxe politika berria oraingoz hitzetan besterik ez da geratu»

2019a, beraz, itxaropenaren urtea dela azaldu dute, baina baita kezka adierazi ere «orain arteko aldaketa txikiak ikusita, eta aldaketa horien erritmoa ikusita, zuhurtzia eta ezjakintasunen urtea» izaten hasi dela esanaz. Horrekin batera, pasaden urtean eginiko lanaren ondorioz aurrera urratsak eman direla azpimarratu dute, adibide gisa Gasteiz zein Iruñeko Legebiltzarretan lortutako akordioak gogora ekarriz. Baina «tamalez», aurreko abuztuan Gobernu sozialistaren ahotik entzundako «espetxe politika berriaren inguruko mezu itxaropentsu horiek, oraingoz errealitatean hitzetan besterik ez dira geratu».

Bestalde, larunbateko manifestazioan parte hartzeko asmoa adierazi duten alderdi politikoei, eta baita sindikatu, eragile sozial eta norbanako guztiei, eskerrak eman nahi izan dizkiete eta baita «errespetu eta begirunea adierazi» bertan ez egotea erabaki duten horiei. Izan ere, «mobilizazioan egongo ez diren arren, badakigu egungo espetxe-politikaren aldaketaren alde daudela, goian aipatu ditugun akordio instituzionalak horren lekuko izanik, eta hori da garrantzitsuena» dinamikako kideentzat. Eta beraz, mobilizazioan parte hartzearen erabakia norberaren esku geratzen dela gogorarazi dute: «gutako bakoitzak, pertsona, herritar bezala, gai honen inguruan gogoeta egin eta barruak eskatzen diona egin dezala».

«Emozioak sentitu eta esker oneko keinu eta begiradak jaso nahi badituzue etorri, zalantzarik gabe» esan du Aldezabalek eta aldiz, larunbat arratsaldean bere etxean geratzea erabaki duen pertsona horri, «eskatuko genioke enpatia-ariketa bat egitea eta une batez, laburra bada ere, euskal presoen senide hauen larrutan jartzea, imajinatuz nolakoa den euren sufrimendua».

Horrez gain, alderdi politikoei zera adierazi nahi izan diete, «hauteskunde-giroan murgilduta dauden bitartean, ez dezatela presoen egoera kezkagarri hau euren arteko ika-mikak edo desadostasunak elikatzeko tresna gisa erabili», eta euren arteko akordioen agendaren lehentasunezko gaia izan dadila, «eskubideez hitz egiten ari garelako, eta hauen barnean, giza eskubideez, hauek betearazteko konpromiso eta bermean baitatza demokrazian bizitzea».

Puntu honekin amaitzeko, Gasteizko Legebiltzarrean Estatus berriaren testua idazten ari den lan-talde horri eskari berezi bat luzatu diote: «eskubideen errekonozimenduaren bidean, salto kualitatiboa emateko garaia dela sinistuta, euskal presoen eskubide hauek ere jasota gera daitezen testuan».

Urtarrilaren 12ko Bilboko ekitaldiak

Goizeko 11:30ean Mahaingurua egongo Bilboko Burtsa eraikinea. Partehartzaileak Bel Pozueta (Adur Ramírez de Aldad preso gazte altsasuarraren ama), Laura Masvidal (Quim Forn Kataluniako presoaren bikotekidea) eta Maider Viso (Harriet Iragi euskal presoaren bikotekidea). Joseba Azkarragak moderazio lanak egingo ditu.

Arratsaldeko 16:00etan gonbidatuen harrera Indautxuko Hotel Silken izango da. Zuzenean emitituko da Sareren sareetatik, eta aukera emango zaio nahi duen guztiari (komunikabide, blogari eta bestelako plataforma digitalei) esteka hartu eta zuzenean emateko. Emisio honetan ordezkari politiko, sindikal eta sozial ezberdinen deklarazioak ere emango dira, bai hoteleko harrerari dagozkionak eta bai manifestazioan bertan egingo direnak.

Mobilizazioa bera arratsaldeko 17:00etan hasiko da La Casillan. Eta bere ibilbidea burutu ostean, Udaletxean bukatuko da, bertan azken ekitaldia burutuko delarik.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude