Pentsiodunek «martxa handi bat» iragarri dute abenduaren 15erako

«Euskal Herriko pentsiodunen iritziz, Gobernu espainolaren eta Podemosen arteko aurrekontu akordioak ez du pentsio duin bat aitortzen, eta abenduaren 15ean Bilbon eta gainontzeko euskal hiriburuetan «martxa handi bat» egingo dutela iragarri zuten atzo.

Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorretarako proposatutako gutxieneko pentsioaren %3ko igoerak ez du lortu pentsiodunak asebetetzea. Aldiz, euren iritziz, igoera 12 eta 14 euro artekoa izango da eta eskatzen duten 1.080 euroko kopurutik «oso urruti» dago. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak «egungo prekaritatea eta genero arrakala» amaiaraziko duela baieztatu zuten.

Horren harira, Euskal Herriko pentsiodunen kolektiboetako ordezkariak Gasteizen bildu ziren atzo aurrekontuen akordioaren analisia egin eta horren aurrean zein neurri hartuko dituzten adosteko.

Bilkuraren amaieran manifestu baten bidez jakinarazi zuten Gobernu espainolaren eta Podemosen arteko akordioa ez dela konprometitzen «legez babestutako eta konstituzio-eskubide bezala jasotako pentsio-sistema publiko bat mantentzera» eta ez duela «pentsio duin bat aitortzen», ez eta 2019tik aurrera bermatzen ere.

Alde horretatik, pentsiodunek iragarri zuten aurrerantzean ere asteleheneroko mobilizazioei eutsiko dietela, eta abenduaren 15ean Bilbon eta gainontzeko euskal hiriburuetan egingo den «mobilizazio handian» parte hartzeko deia zabaldu zuten.

Eskari zehatzak

KPIaren araberako pentsioen eguneratzeari dagokionez, gogorarazi zuten proposamenak ez duela ezer berririk gaineratu PPk eta EAJk sinatutako akordioaz geroztik. Era berean, koordainketa farmazeutikoa bertan behera geratzea eta gizarte zerbitzu «unibertsalak, publikoak eta doakoak» galdegin zituzten.

Bestalde, «positibotzat» jo zuten gutxieneko soldata 900 eurora igotzeko proposamena, baina «gutxiegi» deritzote. Dependentziaren arretaren aurrekontuetan ere «hobekuntza arina» nabari dutela esan zuten.

Nabarmendu zuten pentsio-sistemaren jasangarritasuna posible dela gutxieneko errenta igoz, ustelkeria desagerraraziz eta aberastasunaren banaketa bermatuko duen erreforma fiskal bat eginez

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude