Pinuetako Cervantes Plazako Pergola eraisten ari da udala

leihoa.info-k jakin duenez, Pinuetako Cervantes Plazan dagoen pergola eraisten ari da udala. Auzotarren arteko kexa ugari eragin izan du pergola horren erabilerak. Hango bizilagunek esan izan dutenaren arabera, pergola zikinkeriaz beterik utzi izan ohi dute maiz bertan bildutakoek: euren txakur kakak, txisak, eta abar.

2017 urteko Udal Aurrekontuetan EH Bilduk Pinuetako erreforma izeneko 100.000 euroren diru-partida bat adostu zuen EAJ/PNVrekin herriko auzo horretan konponketak egiteko. Partida horretako diruarekin Pinuetako Pergola eraisten ari da, udal iturrietatik jakin ahal izan dugunaren arabera.

Aurtengo 2018 urteko Udal Aurrekontuetako proiektuari egindako 35 emendakinen artean ere EH Bilduk hiru emendakin berri planteatu ditu Pinueta auzoari begira. Horietako batean, Auzoak Eraikiz izeneko programaren barruan, Pinuetako hirigintza erreformarako 200.000 € aurreikustea planteatzen du. Mugikortasun arloko zuzenketen artean, Pinuetan ere udal aparkaleku berria egiteko proiektua osatzeko 50.000 €ko proposamena egiten du ezkerreko talde abertzaleak. Azkenik, kirol arloko emendakinen artean erabilera anitzeko Pinuetako kirol-gela atontzeko 30.000 €ko aurreikuspena sartzea proposatzen du EH Bildu Leioa udal taldeak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude