Polikiroldegi eta Plaza Gorririk gabeko Leioa

Argazki zaharrak I Idoia López, leihoa.info

Gaurko irudia, kalitate lar onekoa ez bada ere, oso adierazkorra bada.

Zein leioaztarrek imajina dezake, gaur egun, Leioako erdigunea Zentro Zibiko edo Bulebarrik gabe? Inork ez, horretaz zalantza askorik ez dago.

Zenbat leioaztarrek irudika dezake egun gure herriko erdigunea Sakoneta Polikiroldegi eta Plaza Gorririk gabe? Gutxi batzuek esango genuke askok. Azken batean, Sakoneta Polikiroldegia, egun nahiko txarto badago ere, ukaezina da herriari eta herritar ugariri egin dion zerbitzua: adinez nagusiak diren askok horretan jasotzen dituzte haien gimnasis klaseak; ikasle askok bere piszinan ikasi dute igeri egiten; beste askok gimnasia erritmikoa praktikatu eta praktikatzen jarraitzen dute. Eta beste askok gimnasia klaseak hartu dituzte, espining klaseak jaso dituzte, edo beste hainbat kirol mota praktikatu dute (karatea, pilota…).

Eta zenbatek irudika dezake Leioako erdialdeak Plaza Gorririk gabe? Gazte askok, behinik behin, ez. Hor biltzen baitira astean zehar, ostegun, ostiral eta larunbatetan, Ganekon, Kilkerren, Kurkudin…, lagunekin berbetan egoteko, garagardo batzuk hartzeko edo bokata bat jateko.

Hala ere, badira gure herriko erdialdea Polikiroldegirik gabe irudikatzen, eta are gehiago, planteatzen dutenak. Pinosolora eraman nahi dutenak gure kirol instalazio herritarrena. Eta, Leioako Kiroldegiaren egoera kaskarra den bitartean, eta ez Pinosolon ez erdialdean ganorazko instalazioak ez ditugun uneotan, enpresa pribatu bati erreztasun guztiak eman nahi dizkiotenak Kurkudi mendiaren magalean horrelako Klub bat eraiki dezan. Berdin die, gainera, lur zoru horiek ez urbanizableak eta babestuak izatea. Berdin die negozio itzela, metro karratu askoz gehiago eraikitzeko baimena emango bazaie ere. Uneotan, EAJ/PNVk defendatzen du proiektua. EH Bildu Leioak proiektua salatu du eta Esnatu Leioak, horren kontrako jarrera azaldu du. PSEk barne eztabaida burutuko zuela adierazi zuen, baina horren berririk ez dago. Eta PP, momentuz, mutu. Eta udal hauteskundeak atarian. Txin txin, txin txin, diruaren hotsa. Diruaren hots hori boto hotsarekin bateragarria edo bateraezina bilatkuko da? Geroak esango.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude