Sare eta Bilboko konpartsen ordezkariek datorren abuztuaren 23an, ostiralez, eguerdiko 12:30etan Plaza Eliptikatik irtenda elkarrekin antolatu duten manifestazioan parte hartzeko gonbidapena zabaldu diete herritar guztiei.
Bego Atxak, Sareren izenean, aipatu du “azken urte betean eman diren urratsek garai berri bat ekarri dutela Euskal Herrira, konponbiderako, elkarbizitzarako eta bakerako aukera eskaintzen duena”, eta gogoratu ditu “ETAren desagerpena; presoen kolektiboak hartutako erabakiak eta emandako urratsak, Estatuaren partetik espetxeetako egoera bere horretan mantendu ez ezik, kasu askotan, gogortua izan den arren; Bakegileek Estatu frantsesarekin abiatutako prozesuak eta baita hemen Estatuko instituzioekin zabaltzen gabiltzan harreman bideak eta hegoaldean orain arte lortu gabeko babes instituzional, politiko, sindikal eta sozialak etorkizun berri bati ateak zabaltzeko aukera ezin hobea sortuz”.
Manifestazioarekin “korapiloak askatzea” beharrezkoa dela azpimarratu nahi dute. Eta uste dute “urteetan indarkeria ezberdinek sortutako min eta zauriak lantzeko unea dela, ezberdinen arteko enpatia ariketak erdigunera ekarriaz eta memoria, errespetua eta aitortza guztientzako oinarri gisa hartuaz”. Baina baita, “egun oraindik ere hainbeste sufrimendu sortzen duen salbuespeneko espetxe politikaren auziari aterabidea emateko unea ere badela”.
Horregatik azpimarratu du Atxak oraindik 91 euskal preso bizkaitar daudela kartzeletan “salbuespeneko legediaren menpe eta, horrekin, etxerako bidea hartzeko aukera ukatu egiten zaie”. Gogoratu du ere “preso horietatik %75 beraien bizilekutik 500 kmtik gora urrunduta daudela”; sei presok urruntzeari jasaten duten “gaixotasun larria” gehitu behar dietela; horietako bik, espetxean diren beste 14 bizkaitarrekin batera, 20 urte baino gehiago daramatzatela preso, “ohiko legedia aplikatuz gero gertatuko ez litzatekeena” eta “oraindik 79 preso mantentzen dituztela lehen graduan eta zigorren batuketa ezak 17 presori kondena gehigarria ekarri diela”, guzti honek “etxerako bidea egiteko oztopoak ekarriz, egoera luzatuz eta zigorra legedia ezohikoen bitartez gogortuz”.
Horregatik aldarrikatzen dute “urteetako sufrimenduaren ondorioz askatu gabe diren korapiloak eta egun oraindik indarrean den salbuespeneko espetxe politikak sortzen dituenak askatzeko unea dela”, gizartearen aktibazioa aldarrikatuz ezen, Sareren bozeramaileak adierazi zdenez, “guztion artean ekin behar diogu lan horri”. “Jendarte anitz honen parte garenon aktibazio eta konpromisoa izango baita aurrera egiteko berme bakarra; elkarbizitza eta bakearen bidean aurrera urratsak emateko eta baita preso eta iheslarien auziari aterabidea eman eta euren etxeratze prozesua dagokien moduan eman ahal izateko bermea”. Azken batez, “politika hitzetatik ekintzetara igaro dadin akuilu izango gara”.
Eta uste dute datorren abuztuaren 23an “Bilboko kaleetan erakutsiko dugula Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, hala nola Batzar Nagusietan eta Udaletxeetan lortutako akordioek jendartearen %85 ordezkatzen dutela”. Manifestazioan parte hartze zabala espero dute “gure izenean inork ez ditzan euskal presoen oinarrizko eskubideak urratu”.