Urtero ohi den lez, gaur, abenduak 24, presoen aldeko Olentzeroa ibiliko da erdialdeko kaleetan zehar. Ekimenaren bultzatzaileek diotenez, “beste urte bat joan zaigu, baina euskal preso eta iheslarien egoera gutxi aldatu da”. Hori dela eta, “ohiturari jarraituz, Olentzero abestera aterako gara, preso eta iheslarien aldeko aldarrikapena egiteaz batera.” Zabaldutako sare sozialen bitarteko mezuan “herritarrak gonbidatzen ditugu gurekin abestera etor daitezen”.
Taldea gaur, abenduaren 24an, arratsaldeko 5:30ean geratu da Plaza Gorrian, baserritarrez edota arrantzalez jantzita kale ezberdinetan zehar Olentzerorai eta euskal preso eta iheslariak kalera irteteari kantatzeko. Egingo duten ibilibidea honakoa izango da: Plaza gorriatik abiatuta, Sabino Arana, Euskal Etxeen Plaza, Luis Bilbao Libano, Iturribide, Zentro Zibikoa, Tigre Enparantza, Sakoneta Polikiroldegia eta berriro Plaza Gorrian ibilbideari bukaera emateko.
“Hator, hator, neska-mutil preso eta iheslariak etxera” aldarrikatuz bukatzen dute zabaldutako mezua.
Beste zenbait ekimen ere antolatu dira
Olentzeroaz gain, beste zenbait ekimen burutuko dira Gabon hauetan preso eta iheslari politikoen alde. Abenduaren 29an, urteko azken ostiralaren bilkura burutuko da Iparragirreko Bulebarrean. Bestetik, abenduaren 31n beste bi ekimen antolatu dira: goizean, eguerdiko 12:00etan, Basauriko kartzelara martxa egingo da, eta arratsaldeko 7:00etan, preso eta iheslarien aldeko topa burutuko da Plaza Gorrian, 2017. urteari agur moduan.