Sabino Aranako kaleko lanak udaberrian hastea “ezinezkoa” dela dio Esnatu Leioak

“Lehiaketarako legeak ezarritako epeak aztertzen baditugu, argi geratzen da ezinezkoa dela lanak ekainaren amaiera baino lehen hastea”, adierazi du Esnatu Leioak.

Leioako udal- webgunean eta aldizkarian Sabino Arana kalearen birmoldatze lanak udaberrian hasiko direla aipatu dute agintari leioarrek. “Lehenago ere Gabonen ostean hasiko zirela esan zuten, bertoko saltokien Gabonetako salmentak ez oztopatzeko, baina proiektua eta bere finantzazioa ez ziren otsailaren 22ra arte onartuak izan”, azaldu du Esnatu Leioa udal taldeak. Diotenez lanak egiteko eraikuntza enpresek bere burua aurkezteko iragarkia aurreko astelehenean bertan agertu da Udalaren web gunean, “baina eskaintzak aurkezteko epe ofiziala ez da hasiko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean agertu arte”. Eta gainera, 30 egun naturaleko epea eman behar zaie enpresei eskaintza aurkezteko, talde moreak agertu duenez.

Esnatu Leioak jarraitu beharreko prozedura osoa zerrendatu eta zenbatu du bere iraupena. Hori horrela, ekainaren 28raino luzatuko dira tramite guztiak. Podemos-en ordezkaritza betetzen duen Esnatu Leioak dioenez, “udaberria ekainaren 21ean amaitzen da, udararen hasiera baita. Beraz, ezinezkoa da lanak udaberrian hastea”. Eta hori, talde horren ustetan, “udalak badaki, baina nahiago izan du informazio okerra ematea”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude