San Juan Bataiatzailea Abesbatzak Euskalduna Jauregian eskainiko duen kontzertuarekin ospatuko du bere 50. urteurrena

Azaroaren 4an, igandean, ospatuko da, arratsaldeko 19:00etan

Euskal musikatik polifonia unibertsalera. Leioako San Juan Bataiatzailea Abesbatzak betetzen dituen 50 urteak definitzeko izenburu ona izango litzateke. Leioako abesbatzak merezi duen bezala ospatu gura du urteurrena, eta une gorena datorren azaroaren 4an, igandean, helduko da, arratsaldeko 19:00etan Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko duen ez ohiko kontzertuarekin. Sarrerak erosi daitezke jadanik www.euskalduna.eus eta www.kutxabank.es webguneetan, eta baita Kutxabankeko zerbitzu anitzeko kutxazainetan eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan. Gaur aurkeztu dute ekimena Mari Carmen Urbieta alkatesak, Abesbatzaren zuzendari den Basilio Astúlezek eta Soinu Atadiaren Fundazioaren presidente ohi José Ignacio Sarriak.

Aurkezpenean Abesbatzak lortutako kalitate artistikoa eta aintzatespen maila altua goretsi dituzte, eta horren erakusle bere ibilbidea, kontzertuek eta diskografiak jarri dituzte. Gaineratu dutenez «izandako zuzendarien ospeak eta abesbatzak estreinatzeko erreferentziazko lanak idatzi dituzten izen handiko konposatzaileek abalatzen dute». Abesbatza 1968ko irailean sortu zen, herriko parrokiako abesbatza gisa eta, horrela, bere izena, ibilbide osoan jaso duen parrokiako santuak ematen dio.

Adierazi dutenez, «Leioak beti izan du eta du “musika herri” izatearen ospea. Bere ibilbideak eta musikaren aldeko joera garbiak horrela abalatzen dute. Lehenengo urteetan, Abesbatzak gizon eta emakume talde handia hartu zuen, diktadura garaiko testuinguru sozialean eta politikoan zaila zen topaketarako, partaidetzarako eta kultur sorkuntzarako gunean. Giza talde haren ausardia osasungarriak eta bultzadak, bizitza pertsonalaz eta komunitatekoaz gozatzeko aukera eman zien, gertuko lekuetan edo posible zen tokietan abestuz, arrakasta eta ospea lortu arte». Udal agintariak eta Abesbatzarekin estuki loturikoek, nola ez, egindako lana goraipatu dute: «Leioako kultura musikala aberastu zuten, eta barrutik, beste gertakari historiko baterako beharrezkoa zen hazia erein zuten: joan den mendeko laurogeiko hamarkadan Leioako Udal Kontserbatorioa sortu izana. Horri esker ehunka umek musika hezkuntza jaso dute, hainbat espezialitatetako musikariak prestatu dira, talde artistikoak sortu dira eta musikako profesional ugari ere irten dira bertatik. Leioako San Juan Bataiatzailea Abesbatzak asko lagundu zuen Leioako errealitate kulturala zabaltzen, musika bere nortasun zeinu gisa bereganatu duen komunitatea bilakatuz».

Abesbatzaren historiari errepasoa eginez, «2008an goitik behera berriztatu zen, eta Leioako Udal Kontserbatorioan sartu zen. Gaur egun, umeen Leioa Kantika Korala abesbatzan prestatutako 32 abeslari gaztek osatzen dute. Garai berri honetan kontzertu ugari eskaini ditu Euskadin eta Estatuko gainerako zenbait lekutan (Katalunia, Madril, Gaztela-Leon, Asturias, Aragoi…) eta oso lan sinfoniko-koral garrantzitsuetan hartu du parte».

Eskuratu dituzten sariak ere izan dituzte gogoan: «2009an, Leioako San Juan Bataiatzailea Abesbatzak Lehen Saria eta Entzuleen Sari Berezia lortu zituen Ejea de los Caballeroseko Estatu mailako abesbatza lehiaketan, eta baita Zaragozan ospatu zen 2010eko Estatu mailako Sari Nagusirako zuzeneko sailkapena ere. Urte horretan bertan, azaroan, Villa de Avilés Nazioarteko abesbatza lehiaketako Lehen Saria irabazi zuen, eta baita jatorrizko lurraldeko lan onenaren Axuntabense Saria ere. Sari Nagusirako sailkatuta, abesbatza 2010ean lehiatu zen, eta ekitaldi garrantzitsu horretako Bigarren Saria lortu zuen».

2015ean, bestalde, Villa de Avilés Nazioarteko abesbatza lehiaketako Lehen Saria irabazi zuen berriro ere, eta 2016an Epaimahaiaren Ohorezko Aipamena jaso zuen, Torreviejako Nazioarteko 62. Habanera eta Polifonia Lehiaketan, bere polifonia programari esker. 2017an “Orfeo” opera barrokoaren muntaketan hartu zuen parte, Karel Valter-en musika zuzendaritza eta Barbora Horaková-ren zuzendaritza eszenikoarekin, Bilboko Arriaga Antzokian. 2018an, bere 50. urteurrenaren ospakizuna dela eta, kontzertu ugari eskaini ditu gure artean, eta Musikaste zikloan hartu du parte, Josu Elberdinek, Eva Ugaldek eta Xabier Sarasolak abesbatza horretarako idatzitako hiru pieza estreinatuz. 2018ko uztailean zenbait kontzertu eskaini zituen ere Granadan eta Malagan, kritikaren eta entzuleen aldetik arrakasta handia lortuz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude