Sarek Bizkaia zubian preso gaixo larriak etxera etor daitezen aldarrikatuko du bihar

Sare herritarrak bihar, apirilak 7, Osasunaren mundu eguna, kartzela politikak osasuna larriki kaltetzen duela salatuko du ekimen baten bitartez: herrietako zubiak betetzera deitu ditu.

Gurean, Bizkaia Zubia. betetzera deitu du, 13:30ean, Areetan. Baina, 12:45ean, Areetako metro geltokian zubiraino kalejiran joateko deialdia egin du euskal presoen aldeko sare herritarrak.

Asmoa, Bizkaia Zubia alde bietatik jendez lepo betetzea da. Horretarako, Ezkerraldeko bizilagunak Portugaleten ere konzentratuko dira, ordu berean.

Sarek adierazi duenez, “Osasunaren Nazioarteko Eguna den honetan espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu eta euskal presoen osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore nabarmendu: euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe-politika (…) eta espetxeetako osasun-baldintza kaxkarrak”.  Elkarteak dioenez, “osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere”. Eta gogora ekarri du zenbat euskal preso diren larriki gaixorik: “21 dira gaixo diren presoak” eta Sarek “argi du salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean larriki gaixo diren presoak heriotzera zigortuak izaten ari direla. Horren erakusle da, orain artean preso hauen etxeratzea soilik gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean gauzatu izana”.

Presoen aldeko elkarteak “presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugul” dio, “baina bereziki norbanako ororena, espetxea gure gizartearen zati izanik, guztion ardura baita larriki gaixo diren presoek bizi duten muturreko egoera”.

Horregatik “denon artean eta guztion bultzadaz lortu ahal izango baitugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea eta konponbidearen eta bakearen baitan urratsak ematea”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude