Sarek Espainiako Barne ministroari bilera eskatuko diola iragarri du

Manifestazioan «aldarrikatutakoari muzin egitea akats handi bat litzatekeela» esan dio Gobernu espainiarrari Sarek

85.000 pertsonak parte hartu zuten atzo Sare plataformaren Orain Presoak ekimenak presoen eskubideak errespetatzeko deitutako manifestazioetan.

Javier Sadaba filosofoak eta Pili Kaltzada kazetariak irakurri zuten Bilboko manifestazioaren bukaerako adierazpena. «Euskal gizarteak ez du etsiko. Ez du nahi presoen eta espetxe politika zuzenean jasaten duten senideen eskubideak urratzea. Gizarteak berriz erakutsi du iritzi politiko desberdinak ez direla oztopo giza eskubideen alde elkarrekin borrokatzeko», esan zuten. «Indarkeria eta errepresio zikloa ixtea bilatzen dugu, bakearen, elkarbizitzaren eta demokraziaren zirkuluan sartzea gure herrian».

Milaka pertsonek emandako babesa oso positiboki baloratu dute gaur Sare herritar sareko kideek komunikabideen aurrean, eta atzoko aldarriari entzungor ez egiteko eskatu dute: «Gobernu espainiarrari, beste behin ere esan nahi diogu, bart hemen aldarrikatutakoari muzin egitea akats handi bat litzatekeela». Ildo horretan, Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroari bilera eskatuko diotela iragarri dute.

Gaur egun indarrean dagoen espetxe politikarekin amaitzeko eskatu dute berriz ere: «Bilbon eta Baionan batutako milaka eta milaka pertsona horiek bai frantziar zein espainar estatuei mezu argiak helarazi dizkiete. Entzunak izatea eskatu genuen atzo, jendartearen bakerako nahiari kasu egitea, elkarbizitza eraikitzeko ateak zabaldu ahal izan ditzagun, ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe» esan dute Arantza Aldazabalek eta Joseba Azkarragak.

Sareko ordezkariek argi utzi dute egiten ari diren lanarekin aurrera jarraituko dutela, «asko baikara pertsona ororen eskubideen alde batzeko prest gaudenak» eta «datozen belaunaldiei elkarbizitzan eta bakean oinarritako etorkizun bat utzi nahi diegulako».

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude