Sortuk giza-inplikazioa eskatu du ekainaren 10eko gizakatea arrakastatsua izan dadin

Sortu Leioak bere kidego eta ezker abertzalearen oinarri soziala ekainaren 10eko giza-kateak erabateko arrakasta izan dezan aktiboki lan egitera deitu ditu.

Sortu Leioak dioenez “ETAren desagerpenarekin aro berria zabaldu da gure herrian”, baina, hala ere, “gatazka politikoak bere horretan dirau eta, jakina, bestelako Euskal Herria eraiki nahi dugunon proiektu politikoak ere bai”. Adierazten duenez, “fase berri honetan Euskal Errepublika dugu helburu eta norabide horretan erabakitze eskubidearen aldarria hegemoniko bihurtzea ezinbestekoa da”.

Azken hilabeteotan bizi izandako giza-mobilizazioen indartzea gogoratu ondoren (martxoak 8, pentsionistak…), “oraingoan mugimendu horien aldarrikapenentzat ere oso garrantzitsua den erabakitze eskubidea aterako dugu kalera, giza-kate erraldoi bat osatuz eta mila herritarren sostengua agerian utziz. Aldarri ezberdinak, baina askatasun helburu bera duen herria, zutik eta mobilizazioan indartsu”, dio Sortu Leioak.

Sorturen ustez “Estatu espainiarrak bizi duen inoiz ez bezalako krisia baliatu eta erabakitze eskubideak  gidatuko duen prozesua martxan jartzea eta bultzatzea” berebiziko garrantzia dauka. Horregatik ezker abertzalearen kidegoa eta oinarri soziala deitzen ditu Gure Esku Dagok datorren ekainaren 10ean Donostia-Bilbo-Gasteiz lotzeko antolatutako giza-katea erabateko arrakastaz egin dadineko lanetan parte hartzera. Hamarnaka mila lagunek euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen ezagutza eta egikaritzearen alde batzeak hori guztia erakutsiko du, Sorturen iritziz.

Parte hartzera deitzeko Gure Esku Dagoren bideo berria

Gure Esku Dago ekimenak bideo berri bat ezagutzera eman du, “Etorkizuna batzen gaitu” izenburu duena, ekainaren 10 gizakatean parte hartzera euskal herritarrak deitzen dituena. 201,9 kilometroko luzera duen eta Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu ondoren Eusko Legebiltzarraren atarian bukaera edukiko du ekimenak. Hain zuzen, uneotan Batzorde espezifikoa ari da eztabaidatzen Parlamentuan talde politiko ezberdinek aurkeztutako proposamenak Euskal Auntonomia Erkidegoaren Estatus berriaren inguruan.

Agerpen publiko batetarako ekimena Leioan

leihoa.infok jakin ahal izan duenez, Gure Esku Dago Leioak asteon EAJ, Esnatu Leioa eta EH Bildurekin harremanetan jarri da aipatu taldeek bultzatutako agerraldi bateratua sustatzeko aukerak aztertzeko. Agerraldiaren helburua leioaztarrak ekainaren 10eko erabakitzeko eskubidearen aldeko gizakatean parte hartzera eta izen ematera deitzea izango litzateke.

EH Bilduk eta Esnatu Leioak ekimenaren aldeko jarrera agertu badute ere, EAJ/PNVren Uri Buru Batzarrak ez du  eman erantzunik tokiko Gure Esku Dagoren taldearen proposamenaren aurrean. Ondorioz, baliteke printzipioz datorren igandean egitekoa litzatekeen agerraldia bertan behera uztea.

Bien bitartean, gaur, bihar eta etzi jarraituko dute izen-emate masiboarekin Sabino Arana kaleko 65. zenbakiko Gure Esku Dagoren lokalean, arratsaldeko 17:00etatik 21:30era.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude