Txanda librean :: Feminismoa: denak ala inor ez

Leioako Mugimendu Feminista

Martxoaren 8ko greba arrakastatsua hurbiltzen joan zaigun heinean, nabaria izan da kolore guztietako hedabide eta alderdiek pastel horren zatiak bereganatzeko egin duten ahalegina. Aurreikusi bezala, ostegunean, martxoak 8, kaleak txiki geratu zitzaizkigun munduko txoko guztietako feministoi eta, jakina, hipokrisiaren festak ere hasiera eman zion patriarkatuaren purplewashing delakoari, hots, aurpegi garbiketari.

EAJren EBBk, nagusiki gizonez osaturiko buruzagitzak, hain zuzen, alderdiko emakume liberatuek lan egin behar zutela erabaki zuen, grebara gehituta baino ekarpen handiagoa egingo zutelakoan. PPko zenbait diputatuk greba japoniar erara egin behar genuela aldarrikatzen zuten eta, Ciudadanosek, bere aldetik komunista izatea egozten zion mugimendu feministari. Telebistan ere izan da atzo ezetz eta gaur baietz esaten ibili denik, deialdiak izan duen harrera onaren aurrean, zuzentasun politikoarekin lerrokatzera bultzatuta ikusi baitu askok bere burua. Hala, arratsaldeko 20:00etan egingo ziren mobilizazioetarako, inor gutxik egin zion uko manifestazioak babestu eta bularrean txapa morea janzteari. Egunak izandako ikaragarrizko erantzunaren aurrean, etekina atera beharra zeukan zenbaitek. San Mames Barria ere jantzi zen morez; bai, ondo entzun duzue, Athleticeko neskek erabili ezin duten estadioa, more. Azkenik, Albert Riberak jarri zuen egunaren gindatxoa, mugimendu feminista zuzentzeko bere burua aurkeztuz. Oso tontotzat gaituztelakoan gaude, uste baldin badute egun bakarreko margoketa eta diskurtso moreekin egunerokoan sustengatzen duten zapalkuntza ikusteari utziko diogula.

Berriro ere, gurekin erratzen ari zarete. Feminismoa emakume guztiona eta guztiontzat izango da, ala ez da izango. Feminismoa ez da elite jakin batzuetako emakumeak askatzeko mugimendua, beste emakume batzuek, kontraturik gabe, etxeko lanak egiten dizkieten bitartean. Unibertsala behar du feminismoak: herritik abiatutako eta herriarentzako borroka, eta bere baitan aniztasuna gordetzeko gai ez bada, hausnarketari zabaldu beharko dio bidea. Feministak gara emakume guztion eskubide eta askatasunak aldarrikatzen ditugulako, ez soilik emakume zurionak, edo emakume dirudun edo burgesenak, edo emakume heterosexualenak. Leioan asko eta anitzak gara, jatorri eta kultura ezberdinetakoak, funtzionalki dibertsoak, eta identitate sexual askotarikoak, haurrak, zaharrak, gazteak… eta, gehienak, prekarioak. Borroka hankamotz geratuko da denon parte hartzerik gabe, eta lorpenak partzialak izango dira.

Martxoaren 8an Leioan ikusitakoak sentimendu ugari eragin zizkigun talde honen partaideoi. Indar bat nabari dugu mugimenduan, eta egunean zehar antolatutako ekimenetan bistakoa izan zen emakumeok emandako erantzun izugarria. Berria ez den borroka honi gero eta jende gehiago batzen ari zaio, baita gazte andana ere, eta asko pozten gaitu honek, gazteok baikara hamarkadetan eman den borroka honen lekukoa hartu behar dugunak. Horregatik, mugimenduaren indartze bidean gaudela, gogoratu nahi dugu feminismoak denontzako praktika behar duela izan, eta ezin ditugula gure burkideak bidean utzi, geure indiferentzia diskurtso morez mozorrotuz. Zapalkuntza anizkoitzetan jarri behar dugu arreta, eta bazterretako errealitateak, emakume ikusezinen egiak, erdigunera ekarri denon artean, bizitzarengatik borrokatu, bizitzeko dugun eskubidearengatik. Gure pankarta batek zioen bezala: “paramos hoy para VIVIR mañana”. Bihar, eta beti, gaineratuko genuke.

Hau hasi besterik ez da egin, eta egunotan ikusitakoari erreparatuta, aurretik bide luze eta interesgarria dugulako zalantzarik ez daukagu. Hau hasi besterik ez da egin.

Zorionak Leioa!!! Askatasun haize hau ez dago gelditzerik!!! Jarrai dezagun mugimenduan!

Gora emakumeon borroka!!!

Gora Leioa feminista!!!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude