Txanda librean :: Leioako Sanjoanetan, udala txosna-gunearekin bueltaka

Eneko Uribe I Maritxu Teilagorri Txosna Batzordea

Maritxu Teilagorri Txosna Batzordeak azken urteetan txosna-gunea herrira hurbiltzea eskatu dio udalari. Boulevarra eskatu izan du beti batzordeak, baina udalaren ezezkoa jaso du beti -udalak bertan eskenatokia jarri aurretik ere-.

Aurten, udalak San Juan jaietarako guneak guztiz aldatzeko asmoa du. Eta ohiko txosna-guneak irisgarritasun baldintzak betetzen ez dituenez, tokiz aldatu behar omen da gunea, Udalak dioenez. Gainera, Boulevarrean ez da inolako eskenatokirik egongo. Eta bi gune horien ordez, Udondo taberna pareko parkina eta Pinosoloko igerilekuetako parkina erabili nahi ditu udalak.

Txosna batzordearentzat Pinosoloko gunea proposatu du Udalak. Maritxu Teilagorriren asmoen aurka, txosnak herrira hurbildu beharrean, herritik aldendu nahi dituzte. Gainera, gune hori gune beltz bezala identifikatu du Leioako Mugimendu Feministak. Inguruan ez dago inolako bizitzarik, etxe eta denda gutxi, sekulako iluntasuna… bertan txosnak ipini ez izateko sobera arrazoi.

Udondoko gunean, aitzitik, udalaren programazioa burutuko omen da.

Udalaren proposamenaren aurrean, Maritxu Teilagorrik ezetz erantzun dio udalari. Eta horren ordez, Udondoko gunean txosnak jartzea proposatu diogu, udalarekin batera egitarau partekatua sortuz. Baina ez dute ontzat eman gure proposamena, udalak “alternatiba ezberdinak egotea” hobesten omen du eta. Hala ere, ez dugu ahaztu behar azken 4 urteotan udalak ez duela musika-talde baten kontzerturik lotu, DJ eta erromerietaz aparte.

Egoera horrela, udalaren eskenatokia Pinosolon kokatzea proposatu diogu udalari, eta txosnak Udondon kokatzea. Proposamen hori ere ez dute gustoko izan, Pinosolo “ez baita egokia udalaren eskenatokia jartzeko”. Aldiz, txosna-gunea bertan kokatzea “leku ezin egokiagoa” dela deritzo udalak.

Ezezko horien aurrean, eta Pinosolo aukera bakar gisa jarrita Udalak, Maritxu Teilagorri Txosna Batzordeak txosnarik eta egitaraurik ez egitea erabaki du. Eta udala erabaki horren jakinaren gainean dago. Bai baitaki Pinosolo ez dela alternatiba onargarria, ez udalarentzat ezta txosna-gunearentzat ere.

Egoera honen aurrean, urteroko txosna-gunea egokitzen saiatuko omen da udala, txosnak bertan jartzeko. Lehen balio ez zuen gunea, orain, ez dakizkigun zein konponketak eginda, baliogarri bilakatuko da. Inprobisizazioa nagusi gure herriko udalaren aldetik.

Beste behin, argi geratzen da udalaren ikusmoldea: Sanjoanetan udalaren programazioak du lehentasun osoa, gainontzekoa bazter utzita; leku duina eskaini eta udalarekin batera elkarlanean jai egitarau indartsuagoa bilatu baino, zokoratuta utziz beste behin ere txosna-gunea. Oraingoan ere, udalak bere erabilerarako nahi ez dituen espazio eta guneak herriko taldeei eskainiz, hots, beraientzat erabilgarri ez dena, herri ekimen eta mugimenduarentzat aukera bakar bilakatuz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude