Erika Bilbao Barzena I LAB Eskumaldearen arduraduna
Datorren azaroaren 5ean Gure Esku Dago gizarte mugimenduak sustatutako herri galdeketa egingo da Leioan.
“Nahi al duzu euskal Estatu burujabe bateko herritarra izan?”. Galdera hori egiten digute etorkizun politikoa eta soziala askatasunez, inolako esku-hartzerik gabe eraiki behar duen herri bateko herritar garen heinean. Baina, aldi berean, langile garen heinean ere galdegiten zaigu, Euskal Herriak berebiziko premia duelako tresna eta lanabes burujabeak, Estatu propio bat izateko, herritar guztiei ongizate eta bizi-kalitate, zerbitzu publiko eta prestazio duinak bermatzeko, gizarte-babeserako eta lan-harremanetarako marko propioa izateko.
Izan ere, jasan ditugun lan-erreformak eta eskubide sozial eta laboralen murrizketek erantzun tinkoa eskatzen dute kalean zein lantokietan, baina horrez gaiin, erabakitzeko marko propioa behar dugu, gugandik gertukoa, gure erakunde, errealitate politiko, sozial eta sindikalari egokitua.
Horregatik, LAB sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du herri-galdeketan parte hartzea eta baiezko botoa ematea: BAI. Behar-beharrezkotzat jotzen dugulako gure etorkizunari, enpleguari, lan-baldintzei eta, oro har, gure gizartearen etorkizunari buruzko erabakiak hemen bertan hartzea. Hemen bizi eta lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugu.
Eta, azaroaren 5era arte, herri-galdeketaren dibulgazio-kanpainean buru-belarri parte hartzeko eta datorren igandeko herri-galdeketan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu langile guztiei.
Langileok, arrazoi on eta ugari askorengatik, bozkatuko dugu. Eta BAI esango diogu euskal Estatu burujabeari.