Uda sasoian etxeetan lapurretak saihesteko aholkuak banatu ditu Udaltzaingoak

Udaltzaingoak etxeetan, batez ere udan, egiten diren lapurretak saihesteko aholkuak biltzen dituen orria banatu du aurten ere. Gertaera desatsegin hauek ekiditeko, buzoi guztietan utzi da oporretan joan baino lehenagorako aholkuak eta jarraibideak biltzen dituen liburuxka.

Aholkuen artean, hauek agertzen dira: lagun edo auzoko bati esan, noizean behin, posta jaso eta leihoak irekitzeko, etxean norbait dagoela irudikatzeko; edo zorua eta ate nagusiaren artean tarterik ez dagoela egiaztatu lapurrek palankarik erabili ahal ez izateko. Honetaz gain, sare sozialetan etxetik kanpo gaudela argitaratzea ere ez dute gomendatzen.

Gainera, lapurretarik gertatuko balitz, paperean azaldu egiten dituzte jarraitu beharreko pausuak, Udaltzaingoaren eta SOS Deiak-en telefonoak barne.

Prebentzioa aldamioak dituzten etxeetan

Leioaztarrei arreta berezia izateko fatxadan aldamioak instalatuta badituzte eskatzen diete erem, ezen “eraikinetan aldamioak instalatzen dituztenean, gaizkileek etxebizitzetara igotzeko aprobetxatzen dute, eta haietan harrapatzen dituzten baliozko objektuak lapurtu”. Horrelakoak zailtzeko aldamioetatik sartzeko moduko leihoak eta pertsianak ixtea, aldamioetatik sartzeko moduko eskaileretako leihoak ixtea, aldamioetatik ikus daitezkeen baliozko objektuak erretirarzea eta segurtasun-neurridun aldamioak instalatzen saiatzea gomendatzen du Udaltzaingoak.

Lapurretak ez dira udan bakarrik gertatzen

Datuen arabera, etxeetan gertatzen diren lapurreten %40 udan izaten dira, lapurrek aprobetxatzen baitute jabeak ez daudela erosoago ibiltzeko. Horrexegatik, Udalak ohartarazi nahi izan ditu herritarrak, eta jarraibideen bitartez, halako gertaerak ekiditeko modu fidagarrienak erakutsi.

Hala ere, Udalak “lapurreta hauek ez direla bakarrik udan gertatzen”  adierazi du, “edozein arotan” baizik. Hori dela-eta, egunero aintzat hartu beharreko aholku batzuk ere eman ditu. Besteak beste, giltzak lanpasaren azpian edo ezkutatuta ez uztea, atezain automatikoari deitzen duten bakoitzean erantzutea, etxetik irtetean giltzarekin ixtea eta gure ataritik zokomiran dabiltzan pertsona susmagarrriak ikusiz gero Udaltzaingoari deitzea.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude