Leioako EH Bilduk ekainaren bukaeran egindako galderari erantzunez herriko alkatesa Mari Carmen Urbietak sinatutako dekretuan azaltzen denez, Udalak une honetan Gaztegunean, Kultur Leioan, enpresen mintegian, kontserbatorioan eta San Bartolomeko Kultur Etxean eskaintzen ditu doako wifi zerbitzua.
Leioako EH Bilduk ezagutarazi duenez, “2011ko urtarriletik 2017ko ekainaren 30era arte, doako wifi zerbitzua eskaini du hainbat udal-eraikinen kanpoaldean instalatutako 14 eremutan”. Alkatesaren erantzunean azaltzen denez, udalak aldi horretan hauteman du “wifiari lotutako proiektuak ez zituela itxarondako emaitzak lortzen, erabilera-indizeak ez baitziren ezarritako helburuetara iristen”. Horregatik, hainbat hobekuntza sartu ziren 2015ean, baina “hala ere erabiliera-indizeek ez zuten gora egin eta, 2017an erabaki da orain arte izan dugun udal-wifiaren zerbitzua behin-behinean eten egingo dela”. Urbietak herriko EH Bilduri erantzun dionez “leioaztarren konektibitate-premiei erantzuteko beste estrategia bat bilatuko da, WiFi4EU proiektuaren bitartez Europar Batasunetik datozen politikekin bat datorrena”. Ondorioz, estrategia berria diseinatzeko eta ezartzeko prozesuan, “Leioako Udalak espazio publikoetako wifi zerbitzua aldi baterako eten badu ere, lanean ari gara zerbitzua doan eman ahal izateko udaleko eraikin guztien barrualdean”.
Leioako EH Bilduren Aritz Tellitu bozeramailearen arabera, “zerbitzua berriz martxan jartzea eta horren kalitatean sakontzea beharrezko ikusten dugu”. Hala ere, “zegoen zerbitzua etetea herritarrei ezelako azalpenik eman gabe deitoragarria deritzo Tellituk, inork ez baitu jakin izan ezer hartutako erabakiaz, hainbat kalte eragin izan direlarik horren ondorioz. Edonola ere, “zerbitzu berria martxan jartzeko lanak azkartzea” eskatu du EH Biludren zinegotziak, horrela “herritar guztion eskura jarriz doako wifi-zerbitzu eraginkorra”.
Udalaren web orrialdeak, jausita
Iragan larunbatetik gaur goizera arte jausita egon dira Leioako Udalaren orrialde nagusia eta Kultur Leioarena behinik behin. Udalak atzo goizean sare sozialen bitartez eman zuen azalpen labur bat bere web orrialde hauen erorketaz. leihoa.infok jakin ahal izan duenez, udaltzaingoaren sistema informatikoa, desberdina bada ere, tamaina txikiagoko zenbait arazo ere izan zituen atzo. Horregatik atzo eta gaur udaletxean hainbat teknikari aritu behar izan dira sortutako arazoak konpontzen. Hala ere, arratsalderako web orrialde bi horiek zein udaltzaingoarena, berriro martxan zeuden.