Udalak gazteak emantzipatzeko dirulaguntzak martxan jartzea proposatu du EH Bilduk

EH Bildutik “gazteontzako emantzipazio eta alokairu dirulaguntzak” izeneko programa sortu eta martxan jartzea proposatu dute, Leioako Udalak 2018ko aurrekontuetan talde subiranistaren zuzenketa baten bidez, 50.000 euroko diru partida programa hau sortzea onartu ostean.

Izan ere, “Leioako gazteok emantzipatzeko, eta etxebizitza duin bat eskuratzeko ditgun oztopo guztien aurrean (alokairuaren prezioa, lan baldintza duinik ez, Bizkaiko bigarren etxebizitza garestiena, etxebizitza publiko politika eraginkorrik ez…), Leioako udalak herriko gazteoi eskubide hau egia bilakatzeko politika eraginkorrak martxan jartzea ezinbesteko ikusten dugu”, adierazi du EH Bilduk. Horretarako, ” besteak beste gazteok emantzipatzeko dirulaguntzak martxan jartzea proposatzen dugu orain”. Ezkerreko talde abertzalearen ustez “neurri hau, egungo etxebizitza politika errotik aldatuko duen politika baten baitan kokatu beharko litzateke”. Hala ere, “gazteok ezin dugu etxebizitza politika noiz aldatuko zain egon, eta hemen eta orain irtenbideak bilatzea ezinbestekoa da”, EH Bilduren ustez.

Orain proposatzen dituzten diru laguntzak gazteei bideraturik egongo lirateke, eta alokairuaren portzentaje bat ordaintzeko erabili beharko litzateke. Gainera, dirulaguntza hauek gazteen diru iturriei erreparaturik eman beharko lirateke, hots, diru sarrera handieneko gazteek diru laguntza txikiagoak jasoko lituzkete, eta diru sarrera guxtien duten gazteek diru laguntza handienak jaso beharko lituzkete.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude