Udalak Ideia Lehiaketa deituko du, Pinueta hirigintzaren ikuspegitik birgaitzeko

Helburuak, inguru horren hiri kalitatea hobetzea, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegietatik birgaitzen laguntzea, Cervantes plaza topaleku moduan nabarmentzea, aparkatzeko arazoa arintzea eta irisgarritasuna eta loturak hobetzea izango dira, Udalak adierazi duenez.

Lehiaketaren lehenengo hiru irabazleen artean guztira 12.000 euro banatzea du aurreikusita tokiko erakundeak. Irabazle horien artetik, Cervantes plazaren eta bere ondoko kaleen urbanizazio proiektuaren idazketaren kontratazioa aterako da.

Leioako Udala, «Pinuetara begira»

Mari Carmen Urbieta Leioako Alkateak eta Iban Rodríguez Etxeberria Alkateorde eta Hirigintza Zinegotziak, herriko gune hori birgaitzeko Ideia Lehiaketaren xehetasunak azaldu dituzte gaur prentsaurrekoan. Lehiaketa horrek «espazio publikoak hirigintzaren aldetik duen kalitatea hobetuko du, pertsonak protagonista nagusi bilakatuz, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik birgaitzen lagunduko du, tokiko merkataritza berrindartuz, eta Cervantes plaza topaleku eta erreferentziazko espazio gisa nabarmenduko du», adierazi dute.

Udal ekimenaren beste helburu batzuek ere «abantailak ekarriko dituzte», udal agintari bi horien iritziz: aparkatzeko arazoari aurre egitea, aparkaleku pribatuei dagokienez gabezia handia duen auzoaren beharrei aurre egin ahal izateko behar adinako zuzkidura ezartzeko beharra kontuan izanda; gertueneko ingurunerako irisgarritasuna hobetzea, Artazako parkeak auzoaren birika berde handi gisa eskaintzen duen aukera baliatuz; eta udalerriaren gainerakoarekin dauden loturak hobetzea, Pinueta Leioara hurbiltzea eta alderantziz.

Epai-mahaiaren esku-hartzea

Epaimahaiaren esku-hartzea, goiburua eta herritarren partaidetza izango dituen Ideia Lehiaketa hori prozedura ireki eta publikoz egingo da, eta proposamen irabazleak esku-diruzko saria jasoko du. Proiektu horren zenbatekoa 80.000 eurotan aurreikusi da, eta horietatik sari gisa emandako 6.000 euroak kenduko dira. Bigarren lekuan geratzen den proposamenak 4.000 euroko saria jasoko du, eta hirugarrenak 2.000 eurokoa.

Epaimahaiak aurkeztutako proposamenen bideragarritasunari buruz egindako lehenengo azterketaren ondoren, eta herritarrek horren inguruan dituzten iritziak ezagutzeko xedez, erakusketa antolatuko da horretarako egokitutako leku fisiko batean, eta baita Udalaren Gardentasunaren eta Gobernu Irekiaren atariaren (leioazabalik.leioa.net) bitartez ere.
Partaidetzarako epealdi hori bukatu eta gero, herritarren aldetik jasotako iritzi eta iradokizun guztiak epamahaiari bideratuko zaizkio, lehiakide bakoitzak aurkeztutako gainerako dokumentazioarekin batera baloratu ahal izateko, Urbietak eta Rodriguezek azaldutakoaren arabera.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude