Udalak Leioako etxeen %30ek edukiontzi marroia erabiltzea jarri du erronkatzat

Birziklapenaren aurrean Leioan “jarrera positiboa dela aprobetxatuz, Leioako Udalak erronka berria proposatzen die leioaztarrei. Edukiontzi marroia erabiltzen duten etxeen kopurua %30 izatera heltzea”. Gaur egun 2.100 etxe edukiontzi honen erabiltzaile dira, hau da %15 baino zerbait gehiago.

Kanpaina honen arrazoia bikoitza da, udalak esandakoaren arabera. “Alde batetik, herriarentzat suposatzen duen aurrezpen garrantzitsuagatik. Joan den urtean birziklatutako material guztiekin (ontziak, beira, olioa, organikoa, papera..) 230.321,13 euro aurreztea lortu genuen. Diru hori herritarrei bueltatu zaie, udal Zerbitzuak hobetuz eta tokiko merkataritzan kontsumitzeko bonoen bitartez, besteak beste”, adierazi dute.

Bestalde, “ingurumenarentzat onuragarria ere bada, izan ere, birziklapenarekin CO2 isurtzeak nabari gutxitzen dira, eta hori guztiontzat onuragarria da”.

Edukiontzi marroia

Leioako kaleetan jarri zen azken edukiontzia marroia izan zen, materia organikoa batzeko erabiltzen dena. Momentuz, Leioako 2.100 etxebitzetan erabiltzen dute edukiontzi hau, hau da %15 baino zerbait gehiago. Udalaren asmoa %30era heltzea da.

Zerbitzuarekin bat egiten duten etxebizitza bakoitzari “materia organikoa banatzeko kita emango diogu, dohainik. Zakarrontzi aireztatua, etxean hondakinak batzeko; 40 poltsa biodegradagarriko biribilkia; zer birzikla daitekeen jakiteko imana; eta edukiontzi marroia irekitzeko giltza elektronikoa”. Bestalde, “garrantzitsua da aipatzea ezin dela plastikozko poltsarik erabili, bakarrik poltsa biodegradagarriak, kitean datozenak bezalakoak”.

Poltsa biodegradagarria hondakinez beteta dagoenean, edukiontzi marroian sartu ahal izango da. Horretarako, edukiontzia irekitzeko, zerbitzura inskribatuta daudenek giltza elektroniko bat edukiko dute. Txartel hori ekimen honetan inskribatutakoei bakarrik emango zaie, batutako materiarekin kalitatezko konposta lortzen dela bermatzeko.


Info +

Leioako Udalaren erreziklaje liburuxka

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.