Udalerriaren eraldaketan, informazioa eta parte hartzea ezinbestekoak dira

Aritz Tellitu I EH Bildu Leioaren bozeramalea

Iristear da Iraila eta horrekin batera 2018/2019 ikasturteari ekingo diogu, asko izango garelarik lanera, ikasketetara edota kirola egitera itzuliko garenok, eta hori egitean Leioako herri-erdigunean burutzen ari diren aldaketen eragina jasango dugu, udan zehar Leioan egon garenok neurri txiki batean nabaritu ahal izan dugularik.

Izan ere, asko dira uda honetan abian jarri diren hirigintza proiektuak herriko erdigunean, eta asko dira aldaketa hauek jasango dituzten auzoak: Sabino Arana, Kandelazubieta, Bilbao Libano, Udondoko bulebarra eta abar luze bat. Modu batean edo bestean Leioako auzo gehienek proiektu hauen eragina jasango dute, bereziki mugikortasunari eta trafikoari dagokionez.

Aldaketa hauek, askotan positiboak izango dira Leioako auzotarrentzat, eta bereziki Leioak bizitzaz beteriko erdigune bat izan dezan, Sabino Aranaren peatonalizazioa kasurako, edota oinezkoentzat lehentasuna suposatuko dituzten eraldaketek.

Baina, eraldaketa prozesu hauek galdera desberdinak dakarzkidate burura: auzotarrak jakitun dira irailetik aurrera Leioako kaleek izango duten eraldaketa? Ezagutzen dute eraldaketa hauek nola eragingo dieten beraien egunerokotasunean? Aukerarik izan dute proiektu hauen gainean beraien iritzia emateko? Jaso du Udalak auzotar eta merkatarien aldetik iritzi nahikorik? Zer egin du Udalak auzotarrak informatu eta hauen iritzia jasotzeko? Horrelako eraldaketa prozesu bat ez litzateke prozesu parte hartzaile baten bitartez burutu beharko?

Denbora izan izan du Leioako Udalak auzotarrak behar bezala informatu, hauen iritziak jaso eta berauek erabakiaren parte izateko behar den prozesu parte hartzaile bat martxan jartzeko. Urteak daramatzagu Leioko Udalean gai hauek eztabaidatzen eta lantzen (Sabino Arana oinezkoentzako, mugikortasun eta trafiko aldaketa integrala, herriko erdigunearen eraldaketa…), baina denbora tarte luze honetan Leioako Udal Gobernuak herritarrekin izandako hartu emana oso urria izan da, eta askotan auzo asko informatu gabe utzi izan ditu.

Funtzionatzeko era honen adibide argia da udalerrian trafikoa berrantolatzeko egindakoa. 2017 urtean horretarako enpresa bat kontratu zen eta, oraindik ere, ezezaguna da oposizioko talde eta herritarrontzat egindako lana. Proiektu honek herriko erdigunea nola antolatu beharko dugun zehaztu(ko) du –ez da edonolako proiektua beraz– eta ezin dugu ulertu nola EH Bildu Leioatik proiektu hau aspaldi eskatu ostean ez dugun txostena oraindik eskuratu.

Udala beste era batera kudeatu daitekeela sinisten jarraituko dugu, herritarrak lehen unetik informatuz eta hauek erabakien partaide bilakatuz –are erabaki potoloak badira–, horrela, erabakiak modu egokiagoan hartzeko aukera izanik eta herritarrek euren bizitzetan eragina duten proiektuen parte bilakaraziz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude