Umore Azoka Leioak “Establezimendu Lagunak” kanpaina jarri du martxan

Umore Azoka Leioak, Leioako Udalak antolatutako Kaleko Artisten Azokak, hasiera eman dio udalerriko ostalaritza lokalei zuzendutako Establezimendu Lagunak programarekin bat egiteko prozesuari. Ekimena akreditatutako konpainien eta profesionalen ostalaritza beharrei erantzutera dago zuzenduta, azokaren lau egunetan eta, aldi berean, barne kontsumoa bultzatzera eta herriko ekonomia indartzera.

Herriko negozioen ahalik eta partaidetza handiena sustatzeko xedez, Udalak informazio bilera antolatu du datorren asteazkenean, apirilaren 3an, arratsaldeko 18:00etan, Kultur Leioako prentsa aretoan. Aurreko edizioetan bezala, lokalek aurreikusitako aukeretako batekin edo gehiagorekin egin dezakete bat: “Ticket Menu”, 12 euroko bazkari edo afari osoetarako, eta “Ticket 4 euro”, edozein kontsumizio hartzeko.

Parte hartzeko interesa duten establezimenduek apirilaren 10a, asteazkena, baino lehen egin beharko dute bat, Kultur Leioan eskuragai dagoen inprimakia betez. Une horretatik aurrera, Establezimendu Lagunak ekimeneko zerrenda ofizialean sartuko dira, eta erraz identifikatzeko bereizgarria jasoko dute.

Umore Azoka Leioa 2019k XX. edizioa ospatuko du aurten, eta Euskal Herriko 19 konpainia, Estatuko 19 eta atzerriko 8 jasoko ditu. Maiatzaren 16tik 19ra 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte Leioako kaleetan. Horrez gain, Leioako hiru kolektibok “Tokiko Eszena” programan hartuko dute parte.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.